Gaupasa, Kukai Dantza & Cesc Gelabert eta Kukai-Tanttaka euskal konpainiek parte hartuko dabe eguazten honetan Valladoliden hasi dan eta azoka moduan be aurkezten daben Kaleko Antzerkiaren Nazinoarteko TAC jaialdiko sail ofizialean. Typical, Gelajauziak eta Komunikazioa Inkomunikazioa ikuskizunak aurkeztuko ditue hiru taldeek, hurranez hurran. Jaialdia domekan amaituko da.
Gainera, Eusko Jaurlaritzearen laguntzaz antolatutako Eskena standa be izango da Valladoliden, euskal konpainien erakusleiho izateko, jaialdiak antzerkiaren munduko eragileakaz hartu-emonak sortu eta sendotzeko aukera parebakoa eskaintzen dauelako.
Hola, Gaupasa taldeak Typical eroango dau Valladolidera. 1999an sortu zanetik, konpainiak izen ona lortu dau euskal antzerkigintzan. Oraingoan, Nacho Vilar Producciones etxeagaz batera hainbat lan produzidu ditu, eta horreetako bat da Typical Eusko Jaurlaritzearen babesagaz atera dana aurrera. Ikuskizunak 1970eko hamarkadara daroaz ikus-entzuleak. Sasoi haretan turismoa susperraldian zan nahikoa ilun eta esnatzear egoan gizarte batean, izan be, kasu askotan telebista zan askorentzat igesbide bakarra. Urte hareek bizi izan zituenentzat ispilu izan nahi dau ikuskizunak, eta bizi ez ebenei zelakoa zan erakutsi. Musikea, koreografia eta suzko ikuskizuna buztartzen dituan antzezlana da.
Kukai-Gelabert
Kukai Dantza konpainiak eta Cesc Gelabertek Gelajauziak aurkeztuko dabe. Proiektu honen oinarria bi gizarte jantza dira: Gipuzkoako soinu zarrak eta Lapurdiko jantza jauziak. Mugearen bi aldeetan jaio ziran jantza bi dira, belaunaldietan zehar gugana heldu diranak, eta bi horreen nahasketaz sortzen da Gelajauziak, hain zuzen be.
Jantza tradizionalaren eta garaikidearen buztarketearen bitartez mobimentu barri bat sortu dabe Cesc Gelabert koreografo katalanak, Jon Maya euskal jantzariak eta Kukai Konpainiako jantzariek. Indar sozial handiagoa emon guran, aurkezpena plazan izango da, kalean.
Azkenik, Kukaik eta Tanttaka antzerki taldeak Komunikazioa Inkomunikazioa eskainiko dabe Valladoliden. Eusko Jaurlaritzearen babesagaz sortutako ikuskizunak komunikazinoa eta inkomunikazinoa ditu ardatz. Jantzan, kantuan, oihuka edo bakarka komunikau eta inkomunikau nahi dabe aktore eta jantzariek, eta holan sortu da Bilboko Arriaga Antzokiak, Kukaik eta Tanttakak sortutako antzezlana. Mikel Laboak sarri erabilten zituan komunikazinoa eta inkomunikazinoa, eta dikotomia horren inspirazinorako ateak zabaldu zituan askorentzat. Bada, Komunikazioa Inkomunikazioa ikuskizuna horren isla da.