Atzerriko unibersidade eta goi mailako zentroetan euskerea erakusteko prestakuntza ikastaro barria eskainiko dau EHUk

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mai. 23a, 00:00

EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazinoarteko Harremanen arloko Errektoreordetzeak, Etxepare Euskal Institutuagaz lankidetzan, kanpoko unibersidadeetan eta goi mailako zentroetan irakurleei bideratutako prestakuntza ikastaroa emongo dau udagoienean. Euskereari eta euskal kultureari ikusgarritasuna eta ospea emoten deutsien ekimenak sustatzearen garrantzia nabarmendu eben aurkezpenean.

Nekane Balluerka EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskeraren Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendariak emon eben atzo programearen barri Donostian.

Ikastaro barriak euskerea kanpoko hizkuntza lez erakusten daben irakasle edo irakurleen prestakuntzea osatzea dauela helburu azaldu eban Balluerkak, eta irakurleek eurek lekuan bertan dituen preminak kontuan izanda diseinau dirala.

Ikastaroaren helburu nagusiak dira lanerako estrategia eraginkorra proposatzea euskerea atzerriko hizkuntza lez ezagutu eta eskuratzearen inguruan; euskerearen berezitasunak eta espezifikotasuna testuinguru elebakarretan edota eleanitzetan; alderdi soziokulturaletan eta balioetan sakontzea, euskera bitarteko hartuta; eta kanpotarrei euskerea erakusteko eta horreek euskerea ikasteko prozesuetako trebetasunak eta gaitasunak optimizetea, IKTak eraginkortasunez erabiltearen bidez. Hartzaileak EGA daukien graduko edo lizentziautako unibersitate tituludunak eta ezagutzea sakondu gura daben bigarren hizkuntzetako irakasleak.

Prestakuntza programea 2014an eskainiko da lehenengoz, irailaren 26tik zemendiaren15era bitartean, eta Mari Jose Olaziregik eta Jesus Cuenca de la Rosa EHUko Bisitarientzako Hizkuntza Ikastaroen koordinatzaileak zuzenduko dabe. Hainbat alorretako puntako adituek eskainiko ditue eskolak, eta, besteak beste, euskerea irakasteko metodologia, gaitasun komunikatiboa eta motibazinoa, syllabus dalakoaren antolaketea, curriculumaren diseinua, ahozkotasuna edo teknologia landuko ditue
.

Osorik irakurri