Mudiadau Dathlu'r Gymraeg erakundeak galesa ardatz dauen mintegia antolatu dau egunotan Merthyr Tudful herrian, Galeseran inbertituz: Aurrekontu justuago baten alde lanean izenburupean. Kontseiluko buru Paul Bilbao bertan izan da, Euskal Herriko erakundeek hizkuntza politiketan egin beharko leukiezan inbersinoei buruzko eretxia emoteko.
Galesaren aldeko gizarte mobimenduetako ordezkariez gan, politikariek be parte hartu dabe jardunaldian. Politikariei euren proposamenak plazaratzeko aukerea eskaini gura izan deutsie, baina gizarte mobimentuek zein eskari egiten deutsiezan entzuteko gunea be sortu da.
Kontseiluko idazkari nagusiak hizkuntza baten garapenean egiten diran diru inbersinoak hizkuntza politika orokorrean kokatu behar dirala azaldu eban. Kontseiluak aspaldi esana dau egoera gitxiagotuan dagoan hizkuntza batek lau zutabe sendo behar dituala berreskurapenerako: Corpus juridiko egokia, plangintzak, baliabideak eta atxikimendu soziala.
Diru kopurua garrantzitsua bada be, Bilbaoren ustez, zelan eta zertan inbertiduten dan garrantzitsuagoa izan daiteke. Hizkuntzaren berreskurapenaren aldeko erabagi politiko askok ez daukie inolako diru inbersinorik eskatzen, eta dirua araubidea heltzen ez dan arloetarako itxi beharko litzateke, azaldu eban. Edozein instituzinok gitxienez %2 esleitu beharko leuke egoera gitxiagotuan dagoan hizkuntzearen berreskurapenari. Euskal Herriko erakunde nagusiak ez dira gitxieneko horretara ailegetan.
Mintegia oso interesgarria eta aberasgarria izan da Bilbaoren esanetan. Horrelako bilguneak oso interesgarriak dira antzeko egoeran gagozan hizkuntza-komunidadeen aldarrikapenak buztartzeko. Izan be, desbardintasunak desbardintasun, sakonean antzeko beharrak daugaguz.