Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean omenaldia egingo jako maiatzaren 27an, Gabriel García Márquez Nobel saridunari, ikuspegi bitxi bat tarteko dala, hau da, ibilbide antzeko bat eginez idazleak testuetan aitatzen eban bere musikarik gustukoenean zehar. César Coca kultur kazetariak Rafael Escalonaren vallenatoak eta Mendelssohnen erromantizismoa tarteko dituan musika-aukeraketa anitza eta zabala egin dau, Jon Bilbao idazleak kontauko dituan pasadizoen eta irakurriko dituan pasarteen lagungarri. Ekitaldia 19:30ean hasiko da, baina lehenengo doinuak hogei minutu lehenago entzun ahal izango dira, ekitaldi-aretoko ateak zabaldu bezain laster. Edozein sartu ahal izango da aforoa bete arte.
García Márquezek inoanez musikaz berba egitea da, musikea bera baino hobea dan gauza bakarra. Bizitzan zehar, idazle kolonbiarrak era askotako musika-estiloen zale amorratua zala erakutsi eban, eta gainera, bizi izan zan leku desbardinetako musiketan buru-belarri sartu eta musikagileen lagun egin zan. Entzuteko bizi. Gabriel García Márquezen oroimen musikala izenburuko berbaldian, César Cocak Ehun urte bakardadean nobelearen idazlearen biografia errepasauko dau, umezaroan Toña la Negraren ahotik entzundako Lágrimas de sangre lako boleroetatik edo gaztetan jantzan egiten zituan Pérez Pradoren manboetatik abiatuta; idazlea Londresen korresponsal ibili zan garaiko The Beatles taldearen hasierako gazte-zoriontasun kutsakorra be aitatuko dau, baita Georges Brassensek gauza txikien garrantziaren omenez egindako Le testament kantua be. Era berean, publikoak idazleak ugarte isolatu batera eroango leuken Johann Sebastian Bachen biolontxelorako 1. suiteaz edota 1982ko Nobel Sarien banaketa-ekitaldian entzundako Bela Bartóken orkestrarako kontzertuaz gozetako aukerea izango dau.
García Márquezen musikazaletasuna bere idazletan islatuta be geratu zan. Holan, Nire emagaldu tristeen memoriak liburuko protagonista berehala hilko dala konturatzen da, Cesar Francken biolin eta pianorako sonatea entzuten dauenean (horren pasarte bat irakurriko dau Jon Bilbaok), eta Claude Debussyren Ilargi zuria izenekoaren balizko bersino bat, bolero-klabean egindakoa, idazleak amaitu barik itxi eban Abuztuan elkar ikusiko dugu narrazinoaren protagonistetako bat da ia-ia.
Programearen barruan, idazleari Álvaro Mutisen lagun izateko aukerea eskaini eutson Mendelssohnen biolinerako kontzertua, edota idazlearen lagun mina izan zan Rafael Escalona konpositorearen El hambre del liceo vallenatoa be entzun ahal izango dira. Escalonak Magdalena ibai bazterreko herrien folklorea ezagutarazo eutson García Márquezi, eta honek Maitasuna koleraren garaian nobelan azaldu eban behin eta barriro. Honen pasarte bat irakurriko dau Jon Bilbaok, baita idazle kolonbiarrak musikeagazko zaletasuna autortu eban alkarrizketa batzuetako zatiak be.