Hamaikagarren edizino honetan jaialdiak norabide barri bat hartuko dau, halanda ze, munduan erreferente izango diran taldeen zabalkundeaz gan, ikusleen parte-hartzea sustatuko dau. Publiko orokorra erakarteko apustua nabarmendu dau Fer Montoya Act-eko zuzendari artistikoak: Act azokea da, kongresua, eszena-ikerketan dabilzanentzako topagunea, baina ohiko ikusleez aparte, urrunago heldu nahi dogu, jente gehiagorengana.
BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak antolatzen dau jaialdia, eta Joseba Lazkano zuzendari teknikoak gogoratu dauenez, ikasleei mundu profesionalera salto egiteko aukerea eskaintzeko sortu zan Act. Lehen barrura begirakoa zan batez be, baina kanpora atera nahi dogu, gizartera edegi, ganeratu dau.
Edegiera saioa, dana dala, bagilaren 4an egingo da, Bilboko Kafe Antzokian, 20:00etan. Belgikatik datorren Sandman konpainiak Touch me taularatuko dau, igaz sari nagusi izan zana. Ostean, Mirage taldeak immigrazinoaren gaia lantzen dauen Quijotadas lana aurkeztuko dau. Antzerkia jentea sensibilizetako tresnea da -azaldu dau Agirregoitiak- eta errealidade desbardinak erakusteko kapaz da. Mirage taldeak, ganera, sorkuntza tailerra eta berbaldi bat antolatu ditu.
Bagilaren 7ra bitartean, hainbat jaialditan saritutako lanak taularatuko dira Act jaialdiaren eszenatokietan, Kafe Antzokian, Pabellon 6 aretoan, Guggenheimen eta Barakaldo Antzokian, batzuk lehiaketa barruan eta beste batzuk kanpoan: Compañia 1985ren Los años de la virtud, Mauma alkartearen #Elkarrekin bakarrik, Lasalaren Hooked, Lowri Jenkinsen The invisible city, Howool Baeken Did U hear, Impromptusen Caballitos de anis eta H.in ballet taldearen Delevery. 200 proposamen jaso ditu antzerkialdiak, eta 17 aukeratu dira, ez da lan erraza izan, adierazo dau Lazkanok.