Getxoko Udalak Aixe Getxo! sariak banatuko ditu datorren eguenean, maiatzaren 29an, Fadurako areto nagusian arratsaldeko 20:00etan hasiko dan ekitaldian. Aurrekoetan lez, laugarren edizino honetan be, kultura munduaren hainbat arlotan, udalerrian sortutako zenbait eragilek eta ekimenek egindako lana, konpromisoa eta zabalkunde ahalegina azpimarratzeko asmoa izan da Koldo Iturbe Kultura zinegotziak gogoratu dauenez.
Aurten, barritasun moduan, Aixegaztea kategoria gehitu dabe, kultur arloan gazteek egindako lana nabarmentzeko, eta Carlos Goikoetxea piano-jotzaileari egokitu jako saria. Koldo Iturbek aitatu dauenez, Kultura munduan, arlo guztietan, lan egiten daben personak saritu nahi izan doguz: Arte Eszenikoetatik Baloreen Hezkuntzara; Musika Klasikotik Arkitekturara edo Literaturatik Zientziara edo Barrikuntzara arteko esparruetan lan egiten dabenak eta, oraingoan, gazteen munduak daukan garrantzia gogoan hartu nahi izan dogu.
Aixe Getxo sariak Getxoko Kulturearen munduarentzat urteko topagune bihurtu dira, era horretan arloan lan egiten daben eragile, erakunde edo personalidade desbardinen arteko hartu-emonak erraztuz.
Saridunak
Laugarren edizino honetan, kultura munduagaz loturea daben sei getxotarrek osotutako epaimahaiak 14 kategoria ezarri ditu goraipamenak egiteko, aurreko urteetan baino bat gehiago. 2014ko saridunak dira:
- Ikusizko eta Ikus-entzunezko Arteak arloan, Borja Crespo. Zinema zuzendaria eta produktorea, idazlea, ilustratzailea eta komikigilea.
- Arte plastikoak atalean, Antzezaleak Getxoko artisten taldea, udalerrian 32 urte baino gehiagoko ibilbidea dauena.
- Arte Eszenikoa arloan, Natalia Monge. Jantzaria, koreografoa, irakaslea eta Organik konpainiako zuzendaria.
- Musika Klasikoa eta Garaikidea atalean, Isabel Urrutia. Piano-jotzailea eta konpositorea.
- Gaur egungo Musikea arloan, El inquilino comunista. Estaduan erreferentea dan indie rock taldea eta Getxo Sounden aintzindaria.
- Literaturan, Elena Moreno. Idazlea eta Kazetaria.
- Diseinuan, Ana Roquero. Industria-diseinatzailea, Red Dot izen handiko nazinoarteko saria jaso dauena bere Jomon izeneko baxeragaitik.
- Arkitekturea eta Eremu Publikoa sailean, G&C Esudio. Getxon dagozan Biscaytik proiketuaren egoitzan (Bake Eder etxaldea eta egungo Getxo Elkartegia) birgaitze lanak egin dituanak.
- Gastronomian, Martina de Zuricaldayren gurinezko-opila. Nazinoarteko mailan ezaguna dan opila, ehun urte baino gehiago udalerrian egon dan enpresa horrek egindakoa.
- Kultura Hezkuntzan eta Baloreetan, Paul Rios. Lokarri, akordioaren eta konsultearen aldeko herritarren sareko koordinatzailea.
- Barrikuntzea Kulturan, Juan Torre. Ikusteko minusbaliotsuna dauen argazkilariak eta kazetariak, Ikutzeko irudiak izenekoaren sustatzaileak.
- Kultur Ondare aitagarri eta ikutuezinekoa arloan, Algortako Portu Zaharra.
- Ibilbide Profesional eta Artistikoan, Mikel Albisu aktorea eta J.J. Rapha Bilbao idazlea.
- Aixegaztea saria, etorkizun handiko gazteen lana autortzeko, Carlos Goikoetxea pianojotzaileak jaso dau.