Euskerearen dibersidadea, euskerearen euskalkiak jagon eta zabaldu dituenak omenduz dator Ibilaldia 2014

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mai. 30a, 00:00

Euskerearen Biozfereari eutsiz, euskerearen dibersidadeak aberasten gaituela aldarrikatuz dator aurten Ibilaldia. Seber Altube ikastoleak antolatuko dau aurtengo Ibilaldia, Euskararen bihozfera lelopean, bagilaren 1ean. Ohikoa dan legez, edade guztientzako ekintzak eta lau gune egongo dira, Gernika-Lumo eta Foruko udalerrietatik eratutako 6,5 kilometroko zirkuituan. Aurtengo omenduak, euskerearen dibersidadea, hau da, euskerearen euskalkiak jagon eta zabaldu dituenak izango dira.

Busturialde osoaren Ibilaldia izango da hau, eskualde osoaren eguna. Holan, zirkuitua, Gernika-Lumoko lurretatik joango da batez be, baina Foruko udalerritik be pasauko dira ibiltariak zati baten. Zirkuitu urbanoa izango da baina era askotako ondarea ikusi ahal izango da, adibidez naturea, kultura arloan daukaguzan aberastasunak eta, jakina, euskerazko giroa. Urdaibaiko Biosferearen Erreserban izango da aurtengo Ibilaldia eta antolatzaileek oso kontuan euki dabe hori, jaialdiaren ezaugarriak zehazteko orduan.

Ikastola eta Urdaibai guneetan, batik bat kontzertuak eta jantza emonaldiak egongo dira. Pasealekua gunean, barriz, herri kirolak, magia, tirolina eta flashmoba. Amaitzeko, Lurgorri gunea, familan pasetako egokiagoa da, ume txikiak daukiezan sendientzako ekintza asko batu ditue han. Ludotekea, Irrien Lagunak, umeentzako jolasak eta kontzertu lasaiagoak egongo dira Lurgorri gunean. Edade guztiei begirako egitaraua antolatzen ahalegindu gara, azaldu dau Zihara Enbeitak. DBHko gazteen parte-hartzea handitu nahi izan dabe eta, holan, Erronka izeneko lehiaketa barria sartu dabe egitarauan, Gipuzkoako Kilometroetan hasitako esperientzia oinarri hartuta. Bizkaiko ikastola guztietako taldeak dagoz Erronkan parte-hartzera konbidauta, izena emoteko epea zabalik dago. Proba asko gainditu beharko ditue partaideek, batzuk fisikoak, beste batzuk adimenagaz lotuak, DBHko gaztetxuei protagonismoa emotea da asmoa.

Zirkuitua goizeko hamarretan zabalduko dabe. Urtero legez, omenaldia izango da hitzordu nagusietako bat. Aurten, Urdaibaiko biodibersidadea eta hizkuntzen aniztasuna alkarri lotuaz, euskerearen dibersidadea, batez be euskalki eta azpieuskalkiak gordeten jardun diranak omenduko ditue. Zihara Enbeita koordinatzaileak azaldu dauenez, euskerearen aldaerak gorde eta zabaltzen lanean dabilzan alkarte eta taldeak konbidauko ditue.

Aurtengo beste nobedade bat, jasangarritasunaren arlotik dator. Jaurlaritzeagaz eta beste erakunde batzuekaz batera martxan ipinitako proiektuaren lehenengo probea egingo dabe Gernikako Ibilaldian. Proiektuaren asmoa da, Ibilaldiaren moduko jai jentetsuetan ingurumena eta jasangarritasuna kontuan hartzea. Zaborrak gaika batuko ditue eta edalontzi berrerabilgarriak banatuko dira. Zihara Enbeitak eskari bat egin deutse Ibilaldira joango diranei, mesedez, ahal dala ekarri daiala bakotxak bere edalontzia etxetik, holan ingurumenari kalte txikiagoa egingo deutsagu. Alkoholaren konsumoari neurria ipinteko, barriz, dekalogoa atara dau Ibilaldiak.

Urte osoko lanaren emoitzea da Ibilaldia, boluntario askoren laguntzinoari esker, adierazo dau Seber Altube ikastolako zuzendari Nagore Iturbek. Garraio publikoa erabilteko deia be egin dabe antolatzaileek, Bizkaibusek eta Euskotrenek zerbitzu bereziak ipiniko ditue eta, ezinbestean autoan etorri behar dauenak be, autoa beteta ekarri daiala. Egitarauaz zehaztasun gehiago, helbide honetan: www.ibilaldia.net


Gernikako Arbolearen kimua landatzea

Bizkaiko ikastolen aldeko jaian, lehenengoz, zuhaitz baten kimua landatuko da aurten. Gainera, kimu hori berezia izango da, Gernikako arbolearena izango dalako. Hasiera ekitaldian egingo dabe landaketea, Europako Herrien Parkean. Zuhaitz kimu hori Ibilaldiak Gernika-Lumon itxiko dauen aztarnetako bat izango da. Izan be, Busturialdean ez ahaztuteko moduko Ibilaldia antolatzea izan da helburua. Landare bat izaki biziduna da, geure hizkuntzea, euskerea, bizirik dagoan lez. Landare bat jagon eta mimau egin behar da, euskerea legez. Eta geure ikastoleak, zuhaixka hori erein bakarrik ez, jagon be egingo dau, urteetan geure hizkuntzea dan euskerea jagon izan dauen modura. 1991an, Gernika-Lumon egin zan ibilaldiaren kantuak inoan Ibilaldira deika geunkala Iparragirreren arbolea. Eta 2014ko Ibilaldian be merezidu dauen lekua emon nahi deutsagu arboleari. Euskerea da gure lorea, eta hori da, hain zuzen, kimua landatzeagaz irudikatu nahi doguna.

Europako Herrien Parkean egingo dabe landaketea, geure hizkuntzea mundura zabaltzeko. Hola, Europatik heldutako bi ikasle izango dira kimua landatzearen arduradunak: Liloye Richard eta Oleg Chornyy.

Osorik irakurri