Kubako eta Euskal Herriko eskolen artean eginiko filma aurkeztuko dabe Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko eka. 3a, 08:30

Kurkuluxetan eta Zenbat Gara kultur alkarteek Kubako eta Euskal Herriko hainbat eskolen artean egin dan Keinuka mugaz gaindi... Un guiño, un sueño izenburuko filma aurkeztuko dabe bagilaren 4an, goizeko 11:00etan, Bilboko Kafe Antzokian. Estreinaldia, barriz, hilaren 16an izango da, leku berean.

Umeak dira film pedagogiko honetako protagonistak, eta aurkezpenean be izango dira, euren esperientziaren barri emoteko, Kurkuluxetan eta Zenbat Gara elkarteeko ordezkariakaz batera.

Filmaren sustatzaileek azaldu dabenez, orain dala urtebete, Euskal Herriko eta Kubako 20 ikastetxek hainbat eszenaz osotutako ikus-entzunezko produkzino bat hasi eben, munduan hain gitxietsita dagozan balio aurrerakoien aldeko jarrera sendoa erakutsi guran'.

Helburu horretara heltzeko, euskal eta kubatar ikastetxeak senidetu ziran eta binakako lana prestau eben helburu argi bategaz, hau da, muga, kultura eta desbardintasunen gainetik dagozan oinarrizko jarrera eta portaera gizatiarrak bultzatzea eta aldarrikatzea, alkartasuna, laguntasuna, natureagazko errespetua, herrien arteko adiskidetasuna, eskuzabaltasuna, eta antzeko balioak filmaren ardatzak diralarik, norberaren kontzientzia astindu guran danon artean mundu justu eta libreago baterantz abiatzeko asmoz.

Keinuka mugaz gaindi... Un guiño, un sueño ez da film komertzial bat, ezta gidoi bakarra dauen pelikula arrunta be, hausnarketarako eta barruratzeko film hezitzaile bat baino, era askotako eszenakaz eta leku anitzetan grabautakoa. Filmagaz batera unidade didaktiko bat landu da, ume, gazte eta helduentzat material osogarri eta onuragarria izango dalakoan.

Filma finantzau ahal izateko crowdfunding kanpaina bat egin zan, hainbat talde, profesional eta norbanakoen ekarpenak lortuz. Erabateko estrenaldia bagilaren 16an izango da, Bilboko Kafe Antzokian, eta ondoren Etxebarrin, Lemoan eta Euskal Herriko eta Kubako geografiara zabalduko da.

Filman parte hartu daben ikastetxeak honako honeek dira: Euskal Herritik, Urretxindorra ikastolea, Lemoako ikastexea, Intxixu ikastetxea, Zurbarango ikastetxea, Kukullaga ikastetxea, Artxandape ikastolea, La Salle ikastetxea, Kurkuluxetan antzerki eskola eta Kukuke antzerki eskolea; eta Kubatik, Escuela 26 de Julio (Moncada), Escuela Frank País, Escuela Arcid Dubergel, Escuela Día de la Victoria, Escuela Americo César Desliz, Escuela Eduardo Ortega, Escuela Pastor Martínez, Escuela Abel Santamaría, Escuela Eduardo René eta Escuela 2 de Diciembre.

Lanaren produktorea Kurkuluxetan arte eszenikoen eskolea da, eta zuzendaritzea eta koordinazinoa Rita Naveiraren eta Koldo Zelestinoren ardurea izan dira. Soinu bandeari jagokonez, Joseba Sarrionaindiaren berbak eta Danieuris eta Daniellis Moyaren musikea ditu, Joserra Gutierrezen konponketakaz.

Bizkaie!