Aby Warburg arte historialariak idatzitako Sandro Botticelliren Venusen jaiotza eta Udaberria lana euskeraz kaleratu barri dau Sans Soleil argitaletxeak, Txinpartak sailean. Iraitz Urkulok itzuli dau liburua. Ismael Manterola irakasle eta arte kritikariak berbaurrea idatzi dau, eta Rafael Garciak, sarrerea.
Arte historialari ospetsua izan zan Aby Warburg (1866-1929) irudien ikerketarako garatu zituan planteamendu teorikoen originaltasunagaitik. Erwin Panofskyk edo E.H. Gombrichek ezagun egin zituan eskola ikonologikoaren sortzailetzat hartu izan da.
Sandro Botticelli Errenazimenduko margolariaren (1445-1510) obra piktoriko nagusi bien azterketea dau ardatz liburuak. Erudizino eta xehetasun handiz, Warburgek margolan biak egin zituanean, artista florentziarrarengan eragina euki eben obra literario zein piktorikoak aurkezten ditu. Edizio honetan Aby Warburgek erabilitako informazino-iturriak eta bibliografia eguneratu dira.
Txinpartak Sans Soleil argitaletxeak arte gaiei buruzko erreferentziazko lanak euskeraz argitaratzen dituan bildumea da. Gure hizkuntzan irakurri daitekezan mueta honetako obrak urriak izanik, euskerazko arte kritikako liburuen argitalpena indartzeko asmoz sortutako egitasmoa da, azaltzen dabe argitaletxeko arduradunek. Artea, zinemea, argazkigintzea, literatura eta filosofia izango dira Txinpartak bilduman aztertuko diran gai nagusiak.
Uda ostean, Walter Benjaminen antologia bi argitaratuko ditue: bata literaturaren inguruko artikuluek osotuko dabe, eta bestea, historia eta filosofiari buruzkoek.