Jun Märkl Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musika aholkularia izango da datorren denporaldian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko eka. 4a, 00:00

Andrés Orozco-Estradaren aro emankorraren ondoren, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Jun Märkl orkestra zuzendaria Musika Aholkulari izango dau 2014/2015 denporaldian. Jun Märkl orkestra zuzendari alemana izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) musika aholkulari 2014/2015 denporaldian, eta presentzia oso nabarmena izango dau, zuzendari titularrarenak diran betekizunakaz. Märklek datozen hileotan garatu beharreko musika ardatzen inguruan lanean jardun dau eta kontzertuen prestakuntzan buru-belarri dabil honezkero.

EOSeko iturriek adierazo dabenez, musika aholkulari barriak lau aldiz zuzendu dau euskal orkestrea. 2012an zuzendu eban lehen aldiz, Miarritzen, Musique en Côte Basque jaialdian. Ordutik, maisu alemanak abonu denporaldiko hiru programatan zuzendu dau EOS, sakon alkar ezagutu, ulertu eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren proiektu berezia konpartiduteko abagunea izan dalarik. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta zuzendariak hasieratik aditu dabe alkar eta musika aro barri baten hasierea dakarren lan arloa sortu da; Jun Märklek errepertorio sinfoniko handian heldutasuna eta finkatzea eskaini ahal izango ditu'.

Bere ibilbideari jagokonez, Jun Märkl nazinoarte mailan ibilbide oso luzea dauen zuzendari ezaguna da, Alemaniako zein Frantziako errepertorioetan eskarmentu handiduna. Erreferentziazko orkestra sinfonikoen zuzendari titularra izan da: Orchestre National de Lyon (2005-2011) eta MDR Sinfonierorchester Leipzig (2012ra arte). Era berean, Cleveland, Philadelphia, Txekiar Orkestra Filarmonikoa eta Municheko Orkestra Filarmonikoa be zuzentzen ditu, besteak beste.

Operaren alorrean be jarduten dauen zuzendaria da Märkl, Viena, Berlin, Munich, Budapest eta Dresdengo estadu operen lankide dalarik. Bere grabazino ugarien artean aitagarrienak, Mahler eta Schumannen lanak batuz egindakoak eta Debussyri eskainitako bederatzi bolumenek osotutako bilduma arrakastatsua dira.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Jun Märklek eta EOSeko zuzendaritza nagusia ixten dauen Iñigo Alberdik egoki eretxi deutsie zuzendaritza nagusi barriak kargu hartzeari egokitu eta ordura arte itxarotea harreman hau etorkizunera begira baieztatzeko. Musika aholkulari izentau barri, Jun Märklek EOSen musika zuzendaritzea osotuko dau, zuzendari nagusi konbidadu izaten jarraituko dauen Andrey Boreykogaz batera.

Jun Märklek EOSeko musika aholkulari lez egingo dauen lehen agerraldia 2014/2015 denporaldiaren aurkezpen prentsaurrekoan izango da, bagilaren 16an, 13:00etan, EOSen egoitzan, Donostian. Aurkezpen horretan egongo dira Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, Iñigo Alberdi EOSeko zuzendari nagusia eta Jun Märkl bera.

Osorik irakurri