Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiko (ZINEBI) film aukeratuak aurkezten dituan Zinebiklub zikloak bagileko programazinoa ezagutarazo barri dau. Holan, aurten 14. edizinoa egingo dauen ZINEBIren eta Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimen honek 16 nazionalidadetako 23 film aurkeztuko ditu danetara hilaren 5etik 26ra bitartean, horreen artean Bilboko lehiaketan saritutako bost film. Proiekzinoak Zorrotzako eta Otxarkoagako Udaltegietan izango dira bagilaren 5, 10, 11, 12, 13, 19 eta 26an.
Euskal Herrian egindako hiru titulugaz batera, programazioak lau kontinentetatik ekarritako film-aukeraketa anitza eta zabala ikusteko aukerea eskainiko dau. Saio guzti-guztiak Zorrotzako Udaltegian (Hermogenes Rojo 1, 48013 Bilbo, 19:30ean) eta Otxarkoagako Udaltegian (Pau Casals Etorbidea 19, 48004 Bilbo, 17:00etan) egingo dira. Saioak bi udaltegietan izango dira, egun eta ordutegi desbardinetan, 75 eta 85 minutu tarteko iraupenaz, eta horreetako bakotxean, bost-zazpi film eskainiko dira.
Tituluak, igazko zemendiaren 15etik 22ra bitartean Bilbon antolatu zan ZINEBIren 55. edizinoan aurkeztutako film onenen artean aukeratu dira. Zinebikluben edizino honetan, hiru euskal film programau dira: Alberto Vazquezek zuzendutako Sangre de unicornio animazinoa, Asier Altunaren Zela Trovke, eta Hotzanak, for your own safety, Izibene Oñederrarena. Lehenengoak Euskal Zinemaren Sari Nagusia ex aequo eta SGAEk eta Euskal Herriko Gidoilarien Alkarteak emondako Euskal Gidoi Onenaren Saria jaso ditu; bigarrenak Holandako Amsterdam eta Utrecht urietan filmau eta Maite Larburu biolin-jotzaile eta kantari hernaniarra eta Holland Baroque Societyko bere kideak ditu protagonista, krimen bat gogorarazoten dauen antxinako kantu eslovakiarra abesten daben bitartean. Hotzanak…, barriz, aireportu batean girotutako animazinoa da.
Programazino osoa
Programautako tituluen artean, Poloniako Gwizdek filma, Dokumentalaren Urrezko Mikeldia ZINEBIren azken edizinoan–, Suitzako À beira de Lisboa dalakoa, Dokumentalaren Zilarrezko Mikeldia ex aequo eta Alemaniako Sunny, Fikzinoaren Urrezko Mikeldia ex aequo nabarmen daitekez. Hauxe da Zinebiklub 14ren bagileko programazino osoa:
Bagilak 5, 19:30ean (Zorrotza) eta bagilak 10, 19:00etan (Otxarkoagan):
- Gericinódo lado de fora (Brasil, 28’), Gabriel Medeiros eta Maria Clara Senraren dokumentala.
- This is vanity (Erresuma Batua, 23’), Oliver Goodrum-en fikzinoa.
- El ruido del mundo (Espainia, 13’), Coke Riobooren animazinoa.
- The battle of the jazz guitarist (EEBB, 7’), Mark Columbusen dokumentala.
- Toci neko ovde (Serbia, 12’), Uros Maksimovicen fikzinoa.
Bagilak 11, 19:00etan (Otxarkoaga) eta bagilak 12, 19:30ean (Zorrotza):
- Mi ideología, variaciones sobre un concepto (Espainia, 12’), Luis E. Paresen dokumentala.
- La Strada di Raffael (Italia, 24’), Alessandro Falcoren fikzinoa.
- Sangre de unicornio (Euskal Herria, 8’), Alberto Vazquezen animazinoa.
- Gwizdek (Polonia, 17’), Grzegorz Zaricznyren dokumentala.
- Cebú (Kuba, 10’), Pablo Balaubreren fikzinoa.
- Shri hanuman chalisa (India, 12’), Charuvi Agrawalen fikzinoa.
Bagilak 12, 19:00etan (Otxarkoaga) eta bagilak 19, 19:30etan (Zorrotza):
- À beira de Lisbo (Suitza, 8’), Pablo Brionesen dokumentala.
- Dotty (Zeelanda Berria, 11’), Mick Andrews eta Brett 0’Gormanen fikzinoa.
- Chile imaginario (Txile, 21’), Claudio Diaz Valdesen animazinoa.
- Casalata (Portugal, 14’), Lara Placido eta Angelo Lopesen dokumentala.
- Duet (Iran, 23’), Navid Daneshen fikzinoa.
Bagilak 13, 19:00etan (Otxarkoaga) eta bagilak 26, 19:30ean (Zorrotza):
- Rondó (Polonia, 5’), Artur Kordasen dokumentala.
- Liar (Erresuma Batua, 13’), Martin Smithen fikzinoa.
- La isla de los muertos (Espainia, 8’), Vuk Jevremovicen animazinoa.
- Zela Trovke (Euskal Herria, 13’), Asier Altunaren dokumentala.
- Sunny (Alemania, 29’), Barbara Otten fikzinoa.
- Hotzanak, for your own safety (Euskal Herria, 5’), Izibene Oñederraren animazinoa.