Clown eta Bufoien Nazinoarteko II. Kabareta Bilbon egingo dabe, bagilaren 18tik 22ra

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko eka. 9a, 00:00

Hainbat artistak hartuko dabe parte Clown, Bufoi eta Taldekako Sorkuntzeari buruzko ikastaroan, eta ostean parte-hartzaileek euren lanak alkarri erakutsiko deutsiez, hilaren 18tik 22ra bitarteko gauetan, Pabiloi 6 aretoan.

Kabaret-Kamikaze izeneko ekimena Kopenhagen abiatu zan igaz. Makinatxu bat herrialdetako clown konbidau zituen, bakotxak sormen bat sortu beharra eukan, eta hiru egunetan proposamen guztiak komunean ipini ostean, bost gauetan taularatzeko moduko ikuskizun barria sortu eben. Ekimen berezi horren bigarren ekinaldia Bilbon egingo da orain.

Igaz parte hartu eben zortzi artistetatik zazpi izango dira Bilbon, eta aurten beste bi gehituko dira. Hemen, sortzaileen zerrendea: Elena Olivieri (Italia), Madeline Fouquet (Frantzia), Martin Vazques (Argentina), Jonas Sodergren (Suedia), Nils Davoust (Suedia), Maja Skovhus Rehoj (Danimarka), Katharina Kamber (Suitza) eta Juanma Rodriguez eta Patricia Urrutia (Euskal Herria)

Artista honeek Phillippe Gaulier eszena zuzendari, antzerkigile eta antzerki zuzendari frantsesak joan dan urtean emondako ikastaroan parte hartu eben. Oraingoan, irakasle bi izango ditue. Lehenengo egunean clown teknikea jorratuko dabe, eta hurrengo egunetan bufoia eta diziplina bien arteko nahasketea.

Ikastaroa antzezle profesionalei eta amateurrei zuzenduta dago, eta gehienez 16 lagunek parte hartu ahalko dabe. Danetara, 12 eskola ordu izango dira, eta matrikulearen prezioa 35 eurokoa da. BilbaoEszena, Pabiloi 6 eta EAB euskal antzezleen sindikatuko bazkidek 30 euro orainduko ditue. Argibide gehiago behar izan ezkero:
contacto@pabellon6.org

Osorik irakurri