Bagilean zehar, Bilboko Deustuko zubiko aginte-etxoleak Catherine Salazaren Pregonan vino y venden vinagre artelana hartuko dau Interbentzino artistikoak Deustuko zubian proiektuaren barruan, hau da, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz loturea daben ikasle eta ikerlari talde batek sortu eta garatutako ekimenean.
Hirugarren edizino honetan zazpi interbentzino artistiko egingo ditue eta urrira bitartean erakutsiko dira bata bestearen ondoren. Catherine Salazarren lana edizino honetako bigarrena da; lehenengoa, Manuel Casellasen Lo que reluce izan zan, Bilbao Art District jaialdiaren barruan maiatzean ikusgai izan zana.
Juan Pablo Orduñez Mawatres da Interbentzino artistikoak Deustuko zubian proiektu honen sortzailea eta zuzendaria eta Arantza Lauzirika, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko Artea eta Teknologia Saileko irakaslea, koordinatzailea. Ekimena, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzearen, Kontestua.org ikerketa-proiektuaren eta Bilboko Udalaren parte-hartzeagaz gauzatzen da. Ekimen honegaz, inguruak irentsitako iragan industrialaren elementu hau (Deustuko Zubia) berreskuratu nahi da hainbat interbentzino artistikoren eszenatoki legez erabilteko.
Catherine Salazar UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko Arteko Graduko bigarren mailako ikaslea da, eta bere lanaren gai nagusia hizkuntzearen erabilera interesatua da. Ohiturea dogu erretorikea komunikazinoaren estrategia legez erabilteko, dino Salazarrek. Eta hori erakusteko, hainbat eslogan sortu ditu, umore zorrotz ikutuagaz, egoerearen zentzubakotasuna agirian itxita.
Informazino gehiago hemen.