Nerea Mujika Gerediaga alkarteko presidenteak eta Aitziber Atorrasagasti kudeatzaileak, Durangoko Azokako arduradun taldeko kideek, agerraldia egin eben atzo Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskera, Gazteria eta Kirol Batzordean.
Igaz lez, estu eta larri dabilzala esanez hasi eban agerraldi osteko prentsaurrekoa Nerea Mujikak. Azoka egunetarako sei hilebete falta dirala oraindino ez dakie herri erakunde danetatik zenbateko diru kopurua jasoko daben. Aurtengo azokeari begirako egoerea jasangatxa da horrela, adierazo eban.
Azokak izaera estrategikoa daukala nabarmendu zan, euskal kulturearen plaza nagusia izateaz gan, sortzaileen eta kultur industriaren egituratzailea da eta euskal kulturgintzearen erreferente nagusiena Euskal Herrian eta Euskal Herriko mugetatik kanpo. Urtero, 100.000 bisitari izaten ditu Azokeak, eta horrek eragin zuzena dauka gizartean, sozialki, kulturalki eta ekonomikoki.
Azokearen izaera estrategikoa aldarrikatu eben atzoko agerraldian, ondorioz herri administrazinoari neurriko babesa eskatzen deutsie. Finanziazino handiagoa eta egonkorragoa gura dabe. 2013an aurrekontuaren %43 izan zan laguntza publikoa. Gizartearen babesagaz, estrategikoa dala erakutsi dauen euskal kulturgintzako ekitaldi nagusienak behar dau eta merezidu dau gehiago. Horregaitik, urtero 150.000 eurotako inbersinoa eskatzen deutsie Jaurlaritzeari. Jaurlaritzearen laguntzeari 70.000 euro gehiotzea eskatu dabe.
Konpromiso finkoa eskatu deitsiegu legebiltzarkideei aurtengo eta datozan urteko azokek finantziazino publiko handiagoa eta egonkorragoa izan daien, ganeratu eban Mujikak.
Aurreko edizinoan, gastuak txikitu arren, 56.000 euroko galerea izan eban. Aurten ezin dabe hainbesteko zulorik sortu, Gerediagako arduradunen esanetan.
Azokako talde antolatzailea ondokoek osotzen dabe: Gerediaga Elkartea, Berbaro Elkartea, Ahotsenea sortzaileen gunea, EuskaltzaleenTopagunea, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, San Agustin kultur gunea, Azoka TV, Plateruena eta Kabi@.