BilbaoChapter izeneko taldeak eratu dau BilboRoad topaketea. Harley Davidsonen Bilboko kontzesionarioak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lagundu dabe. Iñaki Lopez telebistako aurkezle eta motozaleak gaur Bilboko Alondigan egindako aurkezpenean gogora ekarri dauenez, orain dala urte asko Sestaon egiten zan motozaleen topaketa bat, gogoan dot 5.000 motor inguru batzen zirala, Sestaoko jaiek baino jente gehiago erakarten eben, baina orain dala 15 urte inguru desagertu zan ekimen ha. Harrezkero, pareko topaketarik ez da egin Bizkaian, BilboRoad heldu arte.
BilboRoad bagilaren 13tik 15era arteko asteburuan egingo da. Lehenik eta behin, barikuan, Alondigan batuko dira parte-hartzaile guztiak, inskripzinoa egiteko eta Bizkaitik kanpokoei harrerea egiteko. Ondoren, Txinbito itsasontzian ibilaldia egingo dabe. Zapatuan eta domekan, motorren soinuak hartuko ditu kale eta errepideak. Batetik, Bilbo eta Laukiz arteko osterea egingo dabe, Bizkaiko leku esanguratsuetatik pasauko dan ibilaldiagaz. Laukizen bazkaria izango dabe. Bilbao Chapter taldeko presidente Toñok esan dauenez, edozein motor etorri leiteke geugaz, ez dau zertan Harley Davidson izan, jenteak parte hartzea nahi dogu. Bilboko kaleetatik be egingo dabe txangoa, bandera-desfile ikusgarriagaz. Era berean, motorren eta auto amerikarren erakusketea egongo da, akrobaziak ikusi ahal izango dira eta kontzertua be eratu dabe. Ekitaldi guztietan parte hartzeko izena emotea 40 euroan egin leiteke, baina egun bakarreko sarrerea 10 euroan lortu ldaitekela zehaztu dabe antolatzaileek.
Osorik irakurri
Dabi Piedra Robledo