Orain zortzi hilebete Anberes urian desagertu zan Hodei Egiluz gazte galdakaoztarraren ganeko informazinoa batzeko webgunea aurkeztu dabe Deustuko Unibersidadeak eta familiak, Hodei Egiluz Missing. Webgunea euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez eta nederlanderaz dago.
Deustuko Unibersidadean bertan emon eben prentsaurrekoa eguaztenean, eta hantxe egon ziran Pablo Egiluz Hodeiren aita, Ibon Uribe Galdakaoko alkatea eta unibersidadeko Roberto San Salvador del Valle.
Webgunearen helburu nagusiak Hodei Egiluzen kasuaren inguruko informazino bilaketea eta nazinoarteko zabalkundearen gune bihurtzea dala nabarmendu eben agerraldian. Hodei Egiluz Missing-en desagertutako galdakaoztar gaztearen aldeko ekimen eta ekitaldi guztien barri eskainiko da.
Etxekoek lekukoak topau gura ditue, Hodeiren argazkiak zabaltzeak garrantzi handia daukala uste dabe. Brusela, Holanda eta inguruko beste herrialde batzuetara hedatzea nahi dabe, kasua han ez da eta hain ezaguna. Familia eta lagunak inguru horretako polizia-etxe, aterpetxe eta jantoki sozialetan izan dira, eta han ez dabe Hodei Egiluzen bila dabilzenen barririk.
Hodeiren argazkia sarean partekatzeko aukerea dago gunean, eta gura izan ezkero, inprimidu egin daiteke jentea dabilen lekuetan ipinteko. Hodeiri buruzko iruzkinak egiteko aukerea dago.