Bizkaie! aurrera doa Laoseko 13 Ibilbidean Asiako hego-ekialdean Txinaren zabalkuntzearen eragina zelakoa dan jakin guran.
Aurrerantzean Txinako diruagaz egingo diran azpiegitura barriek argi adierazoten dabe Maoren lurraldearen indarra gero eta handiagoa izango dala Laosen. Edozelan be, estadistikei erreparau ezkero, merkataritza-balantzaren desorekea nabarmena da, Txinak ganerako bezeroakazko hartu-emon ekonomikoetan diran desoreken antzera: 2013an, Dragoi Handiak mila miloe dolarretako balioko konsumo-ondasunak esportau zituan Laosera, 2012an baino %46'41 gehiago; Laosetik, barriz, 800 miloeko ondasunak inportau zituan, aurreko urtean baino %10'29 gehiago.
Txinako handinahiak ez dauka parekorik. Azken burutazinoa Laos zeharkatuz, Pekin eta Singapur lotuko dituan abiadura handiko trena da. Horretarako Vientianek Txinaren 7.500 miloe dolar inguruko kreditu biguna onartu beharko leuke eta hori gehiegizko kopurua izanik, Laos Txinaren menpean geratuko litzateke erabat adierazo dau izena ezkutuan gorde gura dauen Nazino Batuen agentzia nagusi bateko goi kargudun batek. Ganera, proiektuok arazo gehiago eragingo leukie: alde batetik, ingurumenaren hondamendia eta, bestetik, bertako herritarren nahitaezko birkokatzeak, beti be, herritarrak herrigune nagusietan batzeko politika nazionalaren erruz. Gizarte mailan aurrez aurreko gogorrak espero doguz baina oraingoz lasaitasuna da nagusi, batez be, informazino falteagaitik eta konpensazino ekonomikoakaitik.
Asko eta asko dira 13 Ibilbidean zehar behar egiten dabenak. Nazinoarte mailako amarru eta trikimailuz betetako hartu-emonetatik aparte, bertako herritarrez osotutako lantaldeak mendi idor eta baltzitutakoetan dabilz beharrean kautxuaren edota palmondoaren monolaborantzea prestetan. Txinatarrek gure lurrak lantzen doguzanean baino hobeto pagetan deuskue eta gu danontzako etxe barri modernoak eregiko dituela berbea emon deuskue eta, beraz, hemen ez dago arazorik txinatarrakaz adierazo dau lantaldeko buru XiengvanhThongek. Gobernuz
Kanpoko Erakundeek, barriz, epe labur edo erdi mailakoan kalteak upealakoak izango dirala aurreratu dabe eta basamortu berdea datorrela ohartarazo, baso tropikaleko animalia eta landare aniztasuna desagerrarazoteko beste.
Joan dan hilebetean IGBP erakundeak argitaratutako txostenaren arabera, Laoseko nekazaritza-emakiden erdia baino gehiago jatekoak ez diran espezien landaketan dabilz eta, beraz, herritar horreek ahulagoak dira elikagaien prezioetan zein nazinoarteko merkatuetan izan daitekezan gorabeheren aurrean. Horrezaz gan, gero eta gehiago diran urtegiko presa eta ur batuen eraginez, arrantza baliabideen %26 eta %42 bitarteko galerea aurreikusi dau Global WaterForum erakundeak eta herritarrentzako ondorioak sano kaltegarriak izan daitekez.
Herru batzuetan begi bistakoak dira ondorioak. Arazoa da lurra Estaduarena dala eta Txinagazko hartu-emonak menpekotasunekoak dirala kritikau dau VangOunnachoun, Txinako muga ondoko LuamNamtha probintziako herri txiki bateko Hmong gitxiengo etnikoko liderrak; birkokatu eta kautxu landaketeari ekiteari uko egin deutson herria da aitatutakoa. Txinako konpainiak hona heldu eta euren intereserako ikerketak egiten ditue baina hemen mendeetan bizi izan dan herria kontuan hartu barik; Alderdiko agintari ustelakaz negoziau eta gure lurretatik kanporatzen gaitue konpensazino txiki bat emonda; baina diru hori ez da nahikoa izaten gure familiari jaten emoteko, ez dogu dirurik gura, gure arbasoen lurretan geratu baino eta, jakina, gitxiengo etniko, pobre eta ikasketa bakoak izan arren, erabagiak hartzeko orduan geure eretxiak kontuan hartzea eskatzen dogu.
Bertako GKE Lao LandIssues izenekoak aitatu kasu horreetako bat baino gehiagoren barri emon dau. Iparraldeko Phongsaly probintziako kautxu landaketa baten kasua sano adierazgaria da: ezelako konsulta prozesu barik Gobernuak Txinako enpresa bati laga deutso zehaztu bako lurzati bat eta ezelako mugaegunik barik, bertako herritarrek beharrean jarraitu deien. Aitatu GKEren esanetan, tratuaren alde positibo bakarra da konpainiak berbea emoten deutsiela beharginei han produzidutako kautxu guztia erosiko dauela. Alde negatiboak, barriz, ugari: herritarrek euren lurren erdia laga beharko deutsie enpreseari, arroz-soloak desagertu egingo diranez, herritarrek zereala erosi egin beharko dabe, beharginak doban lan egingo dabe eta hori gitxi ez balitz bedar-hiltzaile edo herbizidak eurek erosi beharko ditue, kautxuagaitik zenbat jasoko daben jakin barik. Hau da feudalismo barria.