Bagilaren 28an izango da kontzertua, Euskalduna jauregian. 180 musikari, abeslari eta jantzari batuko dira eszenatokian, Bilboko txistularien doinuei laguntzeko. Besteak beste, Kepa Junkera, Eñaut Elorrieta, Andoni Egaña eta Gozategi egongo dira oholtzan. Musika modernoa eta tradizino herrikoia batu nahi ditue kontzertuan, edade guztientzako aproposa dan errepertorioagaz.
Hamar urte, hamaika lagun izena emon deutsie kontzertuari. Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko kultura zinegotziak adierazo dauenez, zapatuz izango da, kontzertu handien moduan. Izan be, normalean, eguaztenetan joten dabe Bilboko txistulariek. Garikoitz Mendizabal Udal Txistularien Bandako zuzendariaren arabera, XXI. mendean txistuagaz gauza asko egin leitekez eta, horregaitik, aspaldi erabili dogu buruan holako emonaldi handi bat egiteko asmoa. Mendizabalen ustez, subertea da holako artista handiak alboan euki ahal izatea, bandearen 10. urteurrena ospatzeko.
Emonaldia iluntzeko zortziretan hasiko da. Lehenik eta behin, Andoni Egañak agurreko bertso batzuk botako ditu. Ondoren, era askotako musikariak entzun ahal izango dira. Esate baterako, Gorka Sarriegi konbidau dabe. Mendizabalen esanetan, Sorotan Beleren kanta batzuk sartu nahi izan doguz eta Gorka erreskatau dogu horretarako. Eñaut Elorrieta, Kepa Junkera eta Niko Etxart be egongo dira eta, taldeen artean, nabarmentzekoak dira Gozategi eta Los Cinco Bilbainos. Txistuagaz batera joteko, abesti ezagun asko moldatu ditue kontzerturako, adibidez Eperra, Ezer ez da betiko, Badator Marijaia eta Bermioko portuan. Abesbatza batzuk be konbidau ditue, esaterako, Leioako San Juan Bautista eta Kantika koralak. Jantzariak be izango dira. Garikoitz Mendizabalek nabarmendu dau, Euskal Herri osoko 55 txistu irakasle be izango dirala taulaganean. Osogai ezin hobeak dira kontzertu eder baterako, dino bandako zuzendariak. Ordu eta erdi baino gehiagoko emonaldia izango da.
Ibone Bengoetxea zinegotziaren ustez, Euskalduna Jauregiko kontzertua modernoa, herrikoia eta parte-hartzailea izango da. Errepertorio zabala joko dabe eta edade guztientzat aproposa izango da. Emonaldi osoa CD eta DVDrako grabauko dabe, gero argitaratzeko, ospakizunaren lekukotasuna geratu daiten. Sarrerak salgai dagoz dagoeneko, Euskalduna Jauregiaren lehiatilan. 5 euroko prezioa daukie eta, beraz, Ibone Bengoetxeak honakoa adierazo dau: Prezio merkea da, nik uste musikea gogoko daben guztiek euren sarrerea eskuratuko dabela eta hilaren 28an Euskalduna lepo beteta ikusiko dogula.
Bilboko Udal Txistularien Bandako zuzendaria Garikoitz Mendizabal da. Beragaz batera, bandea osotuten dabe Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Asier Garcia eta Sabin Bikandik. 2004an sortu zan eta Ibone Bengoetxearen arabera, munduan oso erakunde gitxik daukie era honetako banda bat, Erdi Arotik datorren tradizinoari eusten deutsagu. Izan be, tanbolinteruen talde profesional apurrenetakoa da. Garikoitz Mendizabalen esanetan, eguaztenero Euskaldunan emoten dituen kontzertuetara gero eta jente gehiago hurreratzen da. Horrezaz ganera, Udalaren protokolozko ekitaldietan joten dabe. Ibone Bengoetxeak dinoanez, hamar urte bete ditu bandeak eta espero daigun beste urte askoan jarraitzea.