Gorbeia Bilbora ekarriko dabe, erakusketa, berbaldi eta bisitaldien bidez

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko eka. 17a, 00:00

Bizkaia eta Arabako lekurik garaienean dago Gorbeiako Kurutzea baina, orain arte, ez da sekula egin erakusketa handi bat, hango paisajea, ohiturak, kulturea eta mendizaleen lorpenak azaltzeko. Urrira arte, Bizkaiko Foru Liburutegian, Bilbon, egongo da ikusgai Gorbeia Bilbon erakusketea eta, ganera, berbaldi zikloa be eratu dabe. Iñaki Garcia Uribe erakusketako arduradunak liburua argitaratu dau, batutako material guztiagaz.

Erakusketearen aurkezpenean, Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura Diputaduak nabarmendu dauenez, euskaldunon artean oso maitatua da Gorbeia, Bizkaiko mendi enblematikoena dala esan geinke. Era horretako erakusketa baten beharra azpimarratu dau Ariztondok, tamainu honetako erakusketarik sekula be ez da egin Gorbeiari buruz. Foru Liburutegiaren bigarren pisuan, urriaren 18ra arte egongo da zabalik, astelehenetik barikura, goiz eta arratsalde. Zapatu goizetan be ikusi ahal izango da.

Gorbeiako tontorrean egon diran hiru kurutzeek protagonismo handia daukie erakusketan. Izan be, mende bat baino gehiago bete da lehenengo aldiz kurutzea ezarri zala Bizkaiko gailurrean. Jausi egin zan lehenengo ha, gero beste bat egon zan eta gaur egun dagoana ipini eben gero. Hiru kurutzeen erreplikak, argazkiak eta historia zehatza topauko doguz Foru Liburutegian. Tontorrean orientazino mahaia be badago, mendizaleak Gorbeiatik ikusten diran 106 mendiak zeintzuk diran jakin daian. Gaur egunekoa baino lehen egon zan orientazino mahaia eroan dabe erakusketara. Gorbeia inguruko biztanleen ohiturak erakusten dituen objektuak (adibidez ardi narruz egindako txamarrea), Gorbeia gaseosearen ganekoak, argazki zahar eta barriak, aterpeen ganeko informazinoa, mapak, mendizale taldeen oroigarriak eta abar, danetarikoa batu dabe.

Iñaki Garcia Uribe arduratu da erakusketako material guztia batu eta antolatzeaz. Urte erdiko lan nekosoa izan da, baina aberastu egin nau, asko ikasi dot, azaldu dau. Garcia Uriberen esanetan, objektu asko aurretik sekula jentaurrean erakutsi bakoak dira, harribitxi asko dagoz. Liburua idatzi eta argitaratu dau, hori be Gorbeia Bilbon izenburukoa, erakusketan agiri diranak papelean batu eta sakonago azaltzeko. Garcia Uriberen laugarren liburua da, liburuaz harro nago, uste dot irakurteko atsegina dala, mendiari buruzko liburu gehienak sikuak izaten dira, gatz bakoak, eta hau desbardina dala esango neuke.

Erakusketeagaz batera, berbaldi zikloa antolatu dabe Bilboko Foru Liburutegian, Gorbeia, Historia eta Kultura izenburuagaz. Lehenengo berbaldia, bagilaren 18an, eguazten honetan, izango da, Jesus de la Fuenteren eskutik. Bagilaren 25ean, euskerazko berbaldia emongo dau Felix Mugurutzak, Zaratateko elurtegia edo Neberabarri: Gorbeiako izotza Bilbora izenburupean. Garagarrilaren 2an, Iñaki Garcia Uribek Gorbeiako kurutzeen inguruko pasadizuak azalduko ditu eta, hil horren 9an, Gontzal Mendibilek saioa eskainiko dau. 16an, Juanjo San Sebastian mendizaleak Gorbeiagaz daukan loturea azalduko dau eta, 23an, Juan Manuel Etxebarriak Mitoak eta euskerea berbaldia emongo dau. Amaitzeko, garagarrilaren 30ean, barriro Iñaki Garcia Uribek egingo dau berba. Saio guztiak arratsaldeko seiretan hasiko dira, Foru Liburutegiko 5. solairuan, Ainhoa Larrazabal aurkezle eta moderatzaile dala. Iñaki Garcia Uribek gaur iragarri dauenez, bisitaldi gidatuak antolatzeko asmoa dauka, baina egunak eta orduak erabagi barik daukiez.

Osorik irakurri