- Zuzendaria: Ralph Fiennes
- Gidoilaria: Abi Morgan, Claire Tomalinen eleberrian oinarritua.
- Interpreteak: Ralph Fiennes, Felicity Jones, Michelle Fairley, Kristin Scott Thomas, Tom Hollander, Perdita Weeks, Tom Burke
- Produktoreak: BBC Films / Headline Pictures / Magnolia Mae Films
-Generoa: Dramea, biografia, literaturea.
- Iraupena: 111 minutu
- Herrialdea: Britainia Handia
Nelly da ikusiezineko emakumea, Charles Dickensek izan eban maitale gaztea. Idazle ospetsuak 45 urte zituala ezagutu eban 18 urteko emakume aktore gazte eta ederra. Maitemindu egin ziran, eta Nelly ezkutuko maitale bihurtu zan. Dickens ezkonduta egoan, eta seme-alaba piloa zituan. Orduko gizartearentzat eskandalu itzela izan zan. Izan be, viktoriar gizartearen balore faltsoak baterazinak ziran askotan benetako maitasunagaz. Betiko lez, emakumeak ziran galtzaileak gatazka horreetan.
Istorio hori kontetan deusku The Invisible Woman-ek, ondo kontatu be. Ralph Fiennesen egitasmo personala da film hau, eta zuzendaria izateaz gan, Dickensen papela be egiten dau. Aitatu behar da gidoia, Claire Tomalinen liburuan oinarritutakoa, Abi Morganek idatzi dauela, Shame pelikula goraipatutakoaren egileak berak.
Felicity Jonesek, Nellyren papelean, ederto erakusten dau emakume horrek bizitako mina, larritasuna eta zoriontasun momentu laburrak. Dana dala, esango neuke kimikak huts egiten dauela maitale biak alkarregaz dagozanean. Horretaz aparte, film honek azaltzen dauen berbakanako pasinoa ere nabarmentzekoa da. Akaso ez da izango aztarna ixten deuskuen pelikula horreetakoa, baina interesgarri besteko ondo eginda dago.