Gorbeia Suzien Banco Mediolanum Sari Nagusia urriaren 18an izango da. Izena emoteko epea bagilaren 16an hasi zan, astelehenan, eta egun gitxi honeetan daborduko 350 korrikalari apuntau dira.
Parte-hartzaile konpurua mugatua da, antolatzaileak gogorarazo dabenez; gehienez 220 korrikalari eta 250 mendizale. Gorbeia Suzien lasterketan zein martxan parte hartzeko aukerea galdu gura ez dauenak, hainbat arinen emon behar dau izena, dinoe ekimenaren arduradunek. Izen-emotea www.kirolprobak.com webgunean egin behar da, Gorbeia Suzieneko gunetik be badago aukerea.
Aurten, Gorbeia Suzien Euskal Kopearen azkenengo probea izateaz ganera, ISFk (International Skyrunning Federation) ISF Skyrunner National Championship 2014rako proba lez izentau dau. Holan, nazinoarteko proben artean sartu da, Andorra & Spain Skyrunner National Series & Championship Txapelketako lasterketa nagusia izango da eta. Horrezaz ganera, barri oso ona jaso dabe antolakuntzakoek ISFk munduko 21 lasterketa garrantzitsuenen artean ipini dauelako, eta lasterketa horreen puntuazinoaren arabera egingo da aurtengo korrikalari onenen rankinga.