Kontuak kontu, hilaren 28an, musika modernoa eta tradizino herrikoia buztartuko dituan Hamar urte, hamaika lagun izenburuko jaialdi erraldoia antolatu da Bilboko Udal Txistulari Bandearen X. urteurrena ospatzeko. Makinatxu bat gauza Garikoitz Mendizabalegaz jorratzeko.
1.- Bilboko Udal Txistulari Bandeak 10 urte egitea ez da broma. Zuzendari legez zelan bizi izan dozuz urteok?
Urte ederrak, intensoak izan dira. Ilusino handiz eta gauza asko egiteko gogoz hartu genduan kargua eta nire kasuan, Gateizko Udal Txistulari Bandea zuzentzen 7 urte egin ostean hasi nintzan Bilbon. Bilboko plazea primerakoa da eta erronkea handia zala gogoan hartuta, ilusino handiz ekin geuntson eta esan deutsudan lez, urte bizi-biziak izan dira. Udal protokoloak eta kale animazinoa ahaztu barik, 5 disko plazaratu doguz, Euskaldunan hamabostero kontzertu programazinoa martxan jarri eta hor ibili gara beharrean.