Euskerearen Agenda Estrategikoak (2013-2016) Eusko Jaurlaritzeak legealdi honetan euskerea bizibarritzearen alde egingo dituan ekintza eta jarduera nagusiak jaso ditu, eta beraz, agendea betetea Jaurlaritza osoaren erantzukizuna da, Jaurlaritzaren sail guztiena, hain zuzen. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak aurkeztu dau Gobernu Bileran onartutako Euskerearen Agenda Estrategikoa, Lehendakaritzan. Beragaz batera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika egon dira, besteak beste.
Euskerearen Agenda Estrategikoak hiru helburu orokor ditu: euskerearen ezagutzea zabaltzea, erabilerea handitzea eta kalidadea hobetzea. Euskerearen kalidadeaz berba egiten danean, euskerearen komunikagarritasuna hobetzea esan nahi dau, hizkuntza biziago eta komunikagarriago bat lortzea, hain zuzen be.
Urkulluk adierazo dau dokumentu hau ez dala hutsetik sortu, Euskerearen Agenda Estrategikoa osotzeko hiru dokumentu hartu baitira oinarritzat: Euskara 21. Itun barritu baterantz, Euskerea Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) eta Eusko Jaurlaritzako Gobernu Programa. Hiru dokumentu horreetan jasoten diran ekintzakaz batera, egungo legealdiaren hasieran euskerea bizibarritze aldera Eusko Jaurlaritzeak landu eta onartutako hainbat ekarpen gehitu dira.
Gainera, Euskerearen Agenda Estrategikoaren parte dira Jaurlaritzearen jardun esparru jakin batzuetako Euskerearen Erabilera Plan espezifikoak, dagoeneko onartuta dagozanak: Eusko Jaurlaritzan Euskerearen Erabilerea Normalizetako Plan Nagusia (V. Plangintzaldia 2013-2017), Osakidetzako Euskerearen Erabilerea Normalizetako Plana (2013-2019), EAEko Justizia Administrazinoan Hizkuntzen Erabilerea Normalizetako Plan Orokorra (2009-2017) eta EiTBko Euskerearen Erabilerarako Plana (2013-2016).
Era berean, lantzen dagozan eta uda honetan aurkeztuko dan Ertzaintzan Euskerearen Erabilerea Normalizetako I. Plana be gaur onartutako dokumentuari gehituko jako eta haren parte bihurtuko da.
Aurrerapausu neurgarriak
Euskerearen Agenda Estrategikoaren helburua da euskerearen bilakaera soziolinguistikoaren adierazle nagusietan aurrerapenak eragiten jarraitzea eta aurrerapausu neurgarriak emotea zenbait arlotan, besteak beste, euskal biztanleriaren euskerearen gaitasun orokorrean, euskal biztanle elebakarren euskerazko oinarrizko ezagutzan, euskal herritarren euskerearen erabileran, Eusko Jaurlaritzearen esparruan euskereak laneko hizkuntza lez dauen erabileran, euskal biztanleen euskereagazko atxikimenduan edo Jaurlaritzearen esparruan euskerea zerbitzu hizkuntza lez orokortzera bidean.
Era berean, Jaurlaritzearen menpeko soziedade publikoetan euskerearen presentzia sendotzera bidean, bere ordezkarien eta organoen jardun publikoan euskereak dauen erabilera mailan, Jaurlaritzearen eta ganerako herri aginteen arteko hartu-emonetan euskereak dauen erabilera mailan, Jaurlaritzan Hizkuntza Ofizialak Erabilteko Erispideetan, bere langileen eta erakunde ordezkarien hizkuntza gaitasunean eta euskereagazko atxikimenduan be lortu nahi dira aurrerapausu neurgarriak.
Gainera, merkataritza gune handietan eta zerbitzu unibersalak emoten dituen enpresa handietan konsumitzaileen hizkuntza eskubideak daben betete mailan, merkataritza eta ostalaritza orokorraren arloko euskerearen erabileran eta informazino eta komunikazinoaren teknologietan euskereak dituen baliabideetan eta erabileran be aurreratu nahi da.
Aurrerapausu horreen guztien neurketeari jagokonez, Inkesta eta Mapa Soziolinguistikoaren hainbat adierazletan oinarrituko da gehienbat betete mailearen ebaluazinoa. Helburuok lortzeko, batetik, hizkuntzearen ganean eroango dan politikea eta hizkuntzearen kudeaketea zeharlerro bihurtu eta Jaurlaritza osoaren erantzukizuna bilakatuko da, eta bestetik, arlo bakotxeko gizarte eragileen lana sustatu eta horreekazko alkarlana bultzatuko da.
Ekintzak
Helburuen lorpenerako 13 lan ildo, 34 ekimen eta 168 ekintza zehatz zehaztu dira, besteak beste, euskerea ardatz duen hezkuntza sistema eleaniztun batean ikasleek, ahoz eta idatziz, bizitzaren alor desbardinetan, bi hizkuntza ofizialak era egokian eta eraginkorrean erabilteko gaitasuna bermatzea.
Euskerearen ezagutza bizitza osorako ikaskuntzearen markoan txertatuko da, euskaltegien sarean oinarrizko A1 eta A2 mailak be ezarri eta egiaztatu eta ikasleen diru-laguntzetarako kontuan hartuko dira, euskerearen erabilera sozialerako aukerak areagotuko dira, lehentasuna jarriz aisialdi esparruko jardueretan, eta gazteen harreman eta komunikazino esparruetan eta bitartekoetan euskerearen presentzia handitzea sustatuko da.
Lanbide heziketako eta unibersidadeko ikasleek lan mundura hurreratzean egiten dituen praktikak euskeraz be egiteko aukerea izan deien be bultzatuko da, bai eta herritarren gehiengo nabarmena elebidun izanik euskaldunenak diran gune geografikoetan administrazinoak euskeraz normaltasunez funtzionau daian bultzatu, betibe herritar guztien hizkuntza eskubiderik urratu barik.
Gurasoen hizkuntza ohiturek seme-alaben hizkuntza jarreran daben eraginaz ohartarazoko da, eta seme-alabakazko jokabidea landuko da, bikote euskaldun nahiz mistoetan. Traktoreak diran merkataritza guneetan euskerearen presentzia areagotzeko proiektu pilotuak egitea sustatuko da, eta atzerriko hizkuntzetan produzidutako puntako eta kalidadezko zinemea telebistan euskeraz azpititulauta ikusteko aukerea garatuko da.
Kanpotik etorritako nerabeakan arreta berezia jarriko da eta horreentzako programa berezien garapena sustatuko da. Elebide zerbitzuaren jarduera sendotzea bilatuko da, eta Arartekoaren eta Elebideren arteko lankidetzea bultzatuko da, herritarren hizkuntza eskubideak indartzeko.
Gainera, Bikain Euskerearen Kalidade Ziurtagiria garatzen jarraituko da, hizkuntza kudeaketak kalidade prozesuagaz dauen loturea gizarteratuz, eta .eus domeinua ahalik eta esparru gehienetan erabilteko neurriak hartuko dira.
Euskal Wikipedia (EW) sustatuko da edukiak txertatuz, eta bere kokapena aprobetxauko da euskerazko edukietarako sarbide legez. Horrezaz gan, EW erreferentzia eta lotura egokiz elikatuko da, ikastetxeetan eta unibersidadeetan EWrako artikuluak sortu eta itzuliko dira, eta EWn edukiak txertatzeko lankidetzea sustatuko da.
Azkenik, Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoagaz eta Nafarroako Gobernuagaz hitzarmenak garatzen jarraituko da, eta hango euskerearen sustatzaileen jarduna laguntzen. Galiziako Xuntagaz, Kataluniako Generalitateagaz eta Balear Ugarteetako Gobernuagaz sinatutako lankidetza hitzarmenak garatuko dira.
Gizartearen mobilizazino barria
Euskerearen Agenda Estrategikoa aurkezteko agerraldian, euskereak gizartearen mobilizazino barri bat behar dauela nabarmendu dau Urkulluk, herritar guztiok inpliketan gaituen mobilizazinoa. Mobilizazio horren mamia euskerea gero eta gehiago erabiltea dala azpimarratu dau.
Azken urteetan euskereak izan dauen aurrerabideari buruz be berba egin dau Urkulluk. Orain 30 urteko ikuspegitik begiratuko ezkero gure gaurko egoereari, amesa edo pentsauezina lako berbak erabiliko geunkez. Orain 30 urte, euskal hiztunen ehuneko altuenak 64 urtetik gorako adinetan batzen ziran, eta gaur, barriz, 35 urtetik beherakoetan dagoz, azaldu dau.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ausardia eskatu dau: Ausardia anbiziodunak izateko eta ames egiteko. Ausardia euskal gizartearengan sinisteko. Ausardia, zelan ez, euskal herritar guztien hizkuntza eskubideak babesteko, esan dau.