Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen arabera, Jaurlaritzeak 120.000 euroko laguntzinoa emongo deutso aurten Durangoko Azokeari. Bizkaiko Foru Aldundiak besteko ekarpena, beraz. Batzarra euki eben atzo eta alde biak gustura urten ziran. Hasieran, 80.000 euro emoteko asmoa eukan Jaurlaritzeak.
Bagilaren 9an, Nerea Mujika Gerediaga alkarteko presidenteak eta Aitziber Atorrasagasti kudeatzaileak, Durangoko Azokako arduradun taldeko kideakaz batera, agerraldia egin eben Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskera, Gazteria eta Kirol Batzordean. Estu eta larri dabilzala esan eban Mujikak. Sei hilebete falta dirala, oraindino herri erakunde danetatik zenbateko diru kopurua jasoko daben ez ekien orduan. Aurtengo azokeari begirako egoerea jasangatxa da. Aurreko edizinoan, gastuak txikitu arren, 56.000 euroko galerea izan eban.
Azokearen egoereaz berba egiteko batu ziran atzo. Batzar luze eta probetxugarria izan ebela adierazo eban Joxean Muñozek. Gehiagotan batzartuko dirala aurreratu dabe, ekarpena zehaztu eta egonkortzeko, datozen urteetako azokak bermatzeko.
Beste erakundeekaz beharrean segiduteko eskatu deutso Jaurlaritzeak Gerediagari, Araba eta Gipuzkoako diputazinoekaz eta Durangoko Udalagaz, hain zuzen be. Euskerearen eta herriaren kultura osoarentzat balio handia dauka azokeak; eta ondorioz, ez da bakarrik Bizkaiko Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen ardurea, Arabako eta Gipuzkoako aldundiek, Nafarroako gobernuak eta Durangoko Udalak be egitasmoan parte hartu beharko leukie, konpromiso eta ekarpen handiago bategaz, esan eban Muñozek.