Bittor Kapanaga 'Otxandioko aztia' zanaren omenez, kantaldi-bertsoaldia garagarrilaren 12an Otxandion

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko eka. 26a, 00:00

Datorren garagarrilaren 12an, Otxandion, Bittor Kapanaga Otxandioko aztia zanaren omenez, makinatxu bat lagun batuko dira euskal kulturan erreferente bat izandako Kapanaga jn.aren heriotzearen 3. urteurrenean. Berak idatzitako letrei musikea jarri eutsien kantariak izango dira bertan, besteak beste, Gontzal Mendibil, Niko Etxart, Josu Zabala, Patxi Villamor, Txomin Bengoa eta Xeberri. Kapanaga ezagutu eben bertsolariek be zeresana izango dabe: Xabier Amuritza, Unai Iturriaga eta Igor Elortza. Otxandioko Abesbatzak be parte hartuko dau eta Interneten euskal ikerle hau ezagutu eben hainbat personek berari buruz grabautako bideoak eskegi dira: Xabier Kintana, Txema Montero, Jose Luis Lizundia, Luis Gorroño, Juan Luis Goikoetxea, Juan Martin Elexpuru, Serafin Basauri…

Egun berean, eguerdian, Otxandioko Korostondo jatetxean bazkari-solasaldia izango da. Bertan, Otxandioko aztiari buruz berba egin eta bere ekarpenaz gogoetea egiteko aukerea egongo da.

Kantaldiak 6 euro balio dau eta bazkaria + kantaldiak 25 euro. Bazkaria aurretik pagau behar da ondoko kontu zenbakian dirua sartuta: 2095-0113-10-9109602853. Abonuan izen-abizenak jarri behar dira.


Bittor Kapanaga

Bittor oso aurreratuta egon zan bere garaian eta sektore askotan idea eta ekimen barriak lagundu zituan: Otxandioko lantegi kooperatibo baten sorrerea, etxebizitzen kooperatibea, negutegiak, San Blasetan nekazari barritzaileak saritzeko beharra, zinema aretoa Otxandion, Durangoko Azokea…

Bittor Kapanaga euskal kosmogoniaren alderdi garrantzitsuak landu zituan: aba erroa, erlijino zaharra, hiru zuhaitzen kulturea, bi iberiak, egun eta hilebeteak, mediterraneoko kultura zaharrak, koloreak, zenbakiak, etab.

Joxemiel Barandiaranek asko estimetan eban eta kooperatibagintzan ibili beharrean, euskal kulturan jarduteko animau eban, intuizino handiko gizona zalako.

Olentzaroari aparteko garrantzi emoten eutson eta berari buruz liburu batzuk idatzi zituan.

Kapanagak berak sortutako letra batzuk oso famatu egin ziran Gontzal Mendibil, Patxi Villamor, Josu Zabala eta beste kantari batzuen ahotan: Araban bagare, berbarako.

Teoria oso berezia sortu eban gure hizkuntzearen jatorrian, berbak sortzean hiru multzotan bereizten zituela adierazoz: izatasuna (iz), egitea (in) eta getasuna (il). Bizitza hiru erro horreen bidez laburtu eban: iz (izan), in (egitea), il (iltzea). Bere ustez euskereak hiru iturburuetatik edan izan eban eta horregaitik seguruenik euskeran dagozan hainbat erro urrutiko hizkuntzakaz lotzen gaitue hain modu garbian.

Ahotsak plataforman Kapanaga ezagutu ebenen testigantza asko jaso dira, arlo guztietatik: kulturea, euskerea, ekonomia, nekazaritzea, politika, etab.

Azken buruan, Kapanaga ezagutu eben batzuek talde bat osotu dabe eta Bittorrek idatzitako lanak aztertzen dabilz, arlo guztietako idazlan asko itxi zitualako (saiakerak, gutunak, olerkiak, euskerearen ikerketak, etab.).

Osorik irakurri