Óscar Mulero, Christian Wünsch, Kasper eta Buffrö DJak izango dira GauArten, Artiumen eta Kubiken programan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko eka. 27a, 00:00

Óscar Mulero nazinoartean ezaguna dan disc-jockey, musikari eta produktore madrildarra izango da barikuan, bagilak 27, GauArten protagonista (gaueko 21:00etatik aurrera Artiumen eta goizaldeko ordu batetik aurrera Kubiken). Artea da nazinoarteko DJak alkartuz Artiumek eta Kubikek antolatzen daben programea da GauArt. Mulerogaz batera Christian Wünsch kantabriarra egongo da eszenatokian —alkarregaz dabilz Spherical Coordinates programan—, eta baita Kasper eta Buffrö be. Artiumera kontzertura etorriko diranak Luis Gordillo XXL/XXI, Juan Miegen Xuxurlaka eta Artium Bildumako Herri-altxorra erakusketak ikusteko aukerea izango dabe. Sarrerak aurretik erosi daitekez ohiko tokietan eta Museoko saiorako txartelak Kubik aretora sartzeko eskubidea emoten dau.

Oscar Mulero (Madril, 1970) musika elektronikoaren eredu bat da Espainian laurogeigarren hamarkadan bide horri ekin eutsonetik. 1996an, lehenengo aldiz Sonar Jaialdian parte hartu ebanean lortutako arrakastea izan da Madrilgo klub ezagunetako kabinetatik mundu osoa zeharkatu eta nazinoarteko jaialdi garrantzitsuenetan —AEBetatik hasi eta Txinaraino— parte hartzera eroan dauen musika-karrera baten abiapuntua. 2000. urtean, Warm Up disko-etxea sortu eban, eta handik urtebetera Pole, eta bere lanak argitaratzen hasi zan. Ordutik etenbarik ibili da lanean produktore eta remixer lana mundu osoan techno musikearen esparruan ezagunak direa disko-etxeetan; horrek ez deutso, halan da be, lurralde esperimentalagoetan barneratzea eragotzi.

Oraingo honetan, Christian Wünchek lagundurik itzuliko da —GauArten lehenengo emonaldian parte hartu eban, 2012an—, azken hileotan Spherical Coordinates proiektua daroelako aurrera bien artean. Wünchek be disko-etxe ezagun bi sortu ditu technoaren esparruan, Tsunami Records eta Nine. Bere lan diskografiko zabalaz gan, Europa osoko aretoetan itxi dau technoaren bere ikuspegi personala, Alemaniatik eta Austriatik, Holanda eta Belgikaraino, eta baita Amerikako Estadu Batuetako eta Japoniakoetan be. Spherical Coordinatesegaz Mulerok eta Wünchek beren estilo personalak alde batera itxi ditue, techno garbiena egiteko asmoz ahots esperimentalagoak bilatzeko.

Horreen ondoan, DJ Kasper izango da barriro be GauArten, Papolegaz batera Esperanza Labelen sortzailea eta Damian Schwartzegaz batera A Harmless Deed-ena. Momentu honetan house-n eta techno-aren esparruan zabalkunde handienetakoa daben disko-etxe batzuetan argitaratu ditu lanak eta berea sortu dau, only vinyl izenekoa.

GauArten kabinara DSKTT be itzuliko da, Jimmy Jazzen egoiliarra, Buffrö izeneko bere musika-proiektu barriagaz. Bide barri horretan, DJak musikearen esparruan jaso dituan eragin guztiak alkartu nahi ditu, besteak beste, dark ambient, drone eta techno iluna.


Gauart

GauArt Artiumen eta Jimmy Jazz (gaur egun Kubik) aretoaren arteko alkarlanetik sortu zan, musika elektronikoaren esparruan planteamendu barritzaile bat eskaintzeko asmoz. Bertan lehen mailako proposamenak eskaintzen dira, nahiz nazinokoak, nahiz nazinoarte mailakoak. Bi entzunaldi eskaintzen dira egun berean, baina agertoki banatan: lehenengoa 21:00etan Artiumen; hor, ganera erakusketa aretoak zabaltzen dira hurreratzen diranenetzako; eta 01:00etik aurrera DJ berberek Kubik aretoan jarraitzen dabe. Musikariek tokiari eta orduari egokituz egiten dabe kontzertua, eta holan, beren emonaldiak desbardinak eta alkarren osogarriak izaten dira.

GauArten helburua da, entzuleek proposamen bikotx hau osotasun lez ulertzea eta, beraz, bi emonaldietara joatea eta artista berak musika elektronikoa ulertzeko dituan modu desbardinez gozetea. GauArten orain arteko saioetan nazinoartean ezagunak diran DJ Murphy, James Ruskinek, Surgeonek eta Oscar Mulerok, eta nazino mailan ibilbide luzea daben El_Txef_A, Delorean DJ Set, Kastil eta Kike Pravda DJ-ek parte hartu dabe.

Osorik irakurri