Aurten be, hamaikagarrenez, egitarau bete-betea atondu dau Herrijeri Emon Arnasa kultur alkarteak. Berbaldiak, musikea, jantzea eta poesia, jakina, protagonista izango dira garagarrilaren 11n, 12an eta 13an Eako Poesia Egunetan. Literaturearen ikuspegi dinamikoa eta anitza erakutsi gura dabe antolatzaileek, eta urtean argitaratutako poesia sorkuntzearen erakusleiho izan bere bai.
Aurten berbaldiek garrantzi berezia eukiko dabela nabarmendu dau Asun Landa antolatzaile taldeko kideak. Berbaldi batek abiatuko ditu Eako Poesia Egunak, hain zuzen be. Barikuan, garagarrilaren 11n, Karmelo Landa eta Laura Mintegi idazleek Gabriel Arestiren 'Harri eta Herri': Nondik dator harria? berbaldi-alkarrizketea egingo dabe, Arestiren poesia liburu ezaguna argitaratu zala 50. urte bete dirala atxaki hartuta. Gauean be olerkari bilbotarra izango da protagonista nagusia, halanda ze, Gabrielen lekua sentikaria taularatuko dabe Eskolondon. Azkenengo emonaldietakoa izango da, beraz aukera polita, adierazo dau Castillo Suarez antolatzaileak.
Zapatuko egitaraua be berbaldi batek edegiko dau: Eider Rodriguezek Itsasoa da bide bakarra izango dau berbagai, itsasoak Joseba Sarrionandiaren lanetan daukan garrantzia eta sinbologiaren ganean jardungo dau. Eguerdi partean, Koldo Izagirrek Parizen bizi naiz errezitaldia eskainiko dau. Bazkalostean, bost poetek euren lanak leiduko ditue. Mikel Etxaburu, Mari Luz Esteban, Jule Goikoetxea, Luis Garde eta Felipe Juaristi dira konbidauak. Poesiari emoten deutsagu urtero lehentasuna -azaldu dau Landak- merezidu dauen plazea emoten ahalegintzen gara. Urtean argitaratutako lanak erakusten doguz. Danetara ezin gara heldu, hau lagin bat izango da.
Urtero izaten da gutizia edo perla bat Ean, eta aurten Laida Azkona jantzariaren Mu-to: Txinaraino tunel bat zulatu izango da. Jantzea eta berbea buztartuko ditu ikuskizunean. Ezin badogu lehenaldia objektiboki haso, asmatu daigun, dino egileak. Eguna amaitzeko, Joseba Irazokik emonaldia eskainiko dau bakarkaka. Anabasa neurtua iznago dala agindu deusku, ez dakigu zehatz zer egingo dauen, dinoe antolatzaileek.
Domekan, atzera be, Arestik abiatuko dau eguna. Iratxe Retolazak eta Danele Sarriugartek Arestiren imajinario poetikoa eta genero-eraikuntzak gaiaz egingo dabe berba, 11:00etatik aurrera. Bide Ertzean taldeak Eako Poesia Egunetarako beren beregi sortutako saioa egingo dabe gero. Kantu bat zure minari kantaldi akustikoan hainbat egileren testu musikatuak entzun ahalko dira, Jon Benito, Kirmen Uribe, Itxaro Borda, Koldo Izagirre...
Saio guztiak edegiak izango dira, eta debalde. Herritarren eta egileen artean sortzen diran hartu-emonakaz pozarren dagoz Poesia Egunen arduradunak, hortik urteten dira sarritan hurrengo edizinorako proposamenak. Harremanetarako benetan aproposak dira zapatu-domekako herri-bazkariak, zapatuan Bedaronan eta domekan Natxitun. Txartelak bertan erosi daitekez.
Zaldiarri argitalpenaren bosgarren alea Ean bertan banatuko dabe, igaz Luzien Etxezaharretak egindako Poesia, mailu eta fereka berbaldia, hain zuzen be.
Gabriel Arestiren lana ezagutarazoteko asmoz hasi ziran Eako Poesia Egunak 2004an. Urte horretan Eako seme kutun izentau eben eta haren lanaren ganeko egitaraua antolatu zan.
Eako Poesia Egunen egitarau osoa, hemen.