Bilbon egingo da, maiatzaren 31n, datorren urteko Ikastolen Ibilaldia. Barrikuntza nagusia izango da, umeentzako ikastetxe batek antolatu beharrean, oraingoan lanbide heziketako zentro batek antolatuko dauela jaia. Izan be, Bilbo Zaharrean kokatutako Harrobia ikastetxea, Ikastolek bultzatutako proiektua da, lanbide heziketea be euskeraz egiteko aukerea emoteko. Ibilbidea zehaztu barik dagoan arren, Miribilla eta Bilbo Zaharra inguruan ospatuko da 2015eko Ibilaldia.
Harrobiak hiru urteko ibilbidea bete dau dagoeneko, Bilboko Harrobiaren plazan hain zuzen. Halandabe, euskerazko lanbide heziketako zentro bat sortzeko asmoa atzeragotik dator. 2001ean, Portugaleten, Ibar Ezkerra eskolea sortu zan eta, 2004an, Ikastolen Alkartea eta hainbat ikastetxe, Bilbon lanbide heziketea eskeintzeko proiektua garatzen hasi ziran. Egitasmo horrek 2011n ikusi eban argia eta, Portugaleteko Ibar Ezkerra zentroa Bilbora aldatu ebenez, urte haretan bertan bat egin eben. 2011ko zemendian sortu zan, beraz, Harrobia zentroa. Lanbide heziketearen mundua euskaldundu eta lanbideren bat euskeraz ikasi nahi dabenei horretarako aukerea emotea da helburua. Izan be, Harrobiako zuzendari Fernando Garrigosek azaldu dauenez, Bizkaian euskeraz lanbide heziketea ikasteko aukerea oso urria da: Euskal Herri osoan, oro har, egoerea txarra da, baina Bizkaia bereziki nabarmentzen da, eskaintzearen %7 baino ez da euskeraz.
Harrobia zentroak, hirugarren promozinoa atarako dau laster, erdi eta goi mailako zikloak euskeraz ikasi ahal izan dituen ikasleakaz. Laster, euskeraz lan egiteko gai diran beste 50 behargin sartuko dira lan merkaduan, azpimarratu dau Garrigosek. Ikastoletan, normalean, 16 edo 18 urtera arteko ikasleak eukiten ditue. Harrobiaren kasua desbardina da, 16 eta 65 urte bitarteko ikasleak daukiez. Ganera, Harrobia ikastoleak, hezkuntzaz aparteko beste jarduera batzuk be baditu. Adibidez, lan orientazinorako zerbitzua daukie, lanbakoentzako ikastaroak eratzen ditue eta ekintzailetzea bultzatzen dabe. Dagoeneko, Bilbon, sei enpresa barri martxan ipinten lagundu dogu eta, horreetatik bostek, euskeraz behar egiten dabe.
Ikastolen Ibilaldia antolatuta, Harrobia Ikastoleak eta Ikastolen Alkarteak, helburu ugari bete nahi ditue. Juan Carlos Gomez Ibilaldia alkarteko presidenteak adierazo dauenez, lehenik eta behin, Harrobiko eskeintzea indartu nahi dogu, gure asmoa da, orain daukaguzan ikastaroen bikotxa emotea. Gomezen arabera, Ikastolen Alkartean lanbide heziketeari lehentasuna emotea erabagi da, gaur eguneko euskerazko eskaintzea urria dalako. Beste helburu bat, Harrobia zentroaren barri Bilbon eta Bizkaian zabaltzea izango da. Garrigos zuzendariaren esanetan, Bilbon kokatuta dago ikastolea, baina Bizkai osoko ikasleak hartzen doguz. Ganera, Bilbo Zaharrean euskerea zabaldu nahi dabe eta urte askotako bazterketea jasan daben auzotarrei lanerako aukera barriak emon nahi deutsiez. Diru kontuei jagokenez, Ibilaldian batzen danagaz, Harrobia ikastolearen eraikina ordainduko dabe.
Harro ibili izango da Ibilaldiaren leloa. Ikasleei hori esaten deutsegu, harro ibili daitezala, lan munduan euskeraz jarduteko prestakuntzea daukielako, dino Fernando Garrigosek. Oraindino, ia urtebete falta da 2015eko Ibilaldirako, maiatzaren 31n egingo dabe. Horregaitik, zehaztasun gehiago apurka-apurka emoten joango dira antolatzaileak. Esate baterako, ibilbidea zein izango dan ez dago zehaztuta. Hori bai, Harrobia ikastetxea izango da ardatza eta Bilbo Zaharreko zein Miribillako kale eta parkeak erabiliko dituela ziurtau dabe.