Juan Ortiz: 'Bandeagaz joten dodanean, inprobiseteaz gan, alkarrekintzea gustetan jat'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko eka. 30a, 00:00

Urte askoan joan izan da Getxoko jazzaldira, baina aurten eszenatoki ganean egongo da, ez publiko artean. Pozarren dago Juan Ortiz musikari bilbotarra, ohore bat da, lujo handia, dino. Lanpetuta dabil azkenaldion, lan eta lan, zorionez, eta prest dauka eguazteneko kontzertua. Berau da Getxon joko dauen Euskal Herriko musikari bakarra, eta jaialdiko lehenengo kontzertua berea da ganera, ardura bikotxa da hori. Hirugarren Milurtekoa izeneko atalean joko dau, garagarrilaren 2an, 19:00etan.


1.- Getxo Jazz jaialdia zeuok edegiko dozue aurten. Zelango kontzertua izango da?

Disko barria prestatzen nabil, eta Getxoko kontzertuak lan barri horretako kantak joko doguz. Orain urte bi Live is too short (Errabal Jazz) diskoa grabau neban, eta BBKren saria jaso eban, Urteko Jazz Disko Onena. Sari hori dala eta etorri zan Getxoko Hirugarren Milurtekoa atalean joteko aukerea. Hirukotea laukote izango da zuzeneko horretan, halanda ze, Ariel Bringuez saxo-jotzailea be geugaz egongo da. Nire ustez, estaduko saxofoi-jole onenetako da, itzela da beragaz jotea.


2.- Beraz, taldea aldatuta daroazu Getxora.

Formatua zabaldu nahi izan dot saxofoi-jole bat gehituz, bandearen sonoridadea aldatzeko. Proiektu barri honetan saxoi-jotzaile bategaz jarduteko gogoa neukan. Disko barria laukote lez egokiago ikusten dot, hirukotean baino.


3.- Disko barriaren ganean zeozer aurreratu zeinke?

Lehenengoaren jarraipen antzekoa da. And world is large izango da izenburua. Azkenengo urte bietan konposautako abestiak dira, bidaietan sortu dodazenak. Life is too short zan lehenengoa, bizia oso laburra da; eta, barria, And world is large, baina mundua zabala da. Behar barriko kantak joteko gogoz nago.


4.- Eguazteneko kontzertuan, orduan, disko bietako kantak joko dozuez?

Emonaldiaren zatirik handiena kanta barriek osotuko dabe. Live is too short orain urte bi egin neban, baina joteko estiloa aldatu egin dot; orduko abestiak ez neukez orain bardin interpretauko. Urte biotan eragin gehiago izan dodaz, bidaiatzen ibili nazen denporan ikasteko astia euki dot, Bibon eta Madrilen behar asko egiten neban, ez neukan aukerarik. Konposizinoak antza dauka, jakina, persona bera naz, baina estiloa aldatu egin da. Ikusiko dozue!


5.- Nepal, India, Bangladesh, Holanda, Polonia, Karibea... Ondo aprobetxau dozu bidaia.

Kanpora nahi neban joan eta behar bila hasi nintzan. Itsas bidaia edo kruzero baten topau neban beharra, bertako orkestrako pianistea nintzan. Sei hilebete egon nintzan Karibetik bidaiatzen. Hilebete batzuk emon nituan Europan zehar joten, Serbia, Hungaria, Polonian... Ostean, Katmandura joan nintzan, hango KJC eskolara. Bertako irakasleen reggae bandan joten hasi nintzan. Taldea nahiko ezaguna egin zan eta makina bat kontzertu emon genduzan Nepalen. Handik, Kalkutara, eta gero Thailandiara joan ginan, Bangladeshera... Eta gero etxera bueltan. Bidaiotan konposautako musikea interpretetan nabil orain.

6.- Mundua handia da, bai.

Kar, kar, bai eta faltetan jatana! Ia urte bi egon naz bidaiatzen. Esperientzia ikaragarria izan da. Jente jatorra dago leku guztietan. Batzutan bidaiatzeko bildur gara, baina itzela da.


7.- Bilbotik Madrilera joan zinan, aukera gehiago dagoz han?

Bilbotik Donostiara joan nintzan, Musikenen ikasi neban eta. The Cherry Boppers taldeagaz joten neban orduan. Madrilera joateko ebatzia hartu neban, jazzean sakontzeko asmoa neukan, Musikeneko jente asko Madrilen egoan... Azken baten, jazzaz bizi nahi badozu joan beharra dagoan urietako bat da. Hobetzeko gogoa neukan, ikasteko, eta uri handietan dago mobimendu gehien; kontzertuak, jentea eta abar.


8.- Bilbon ez egoan hainbeste aukera, eta gaur egun be...

Ba, ez pentsau, nik uste dot gero eta aukera gehiago dagozala. La Haceria lan ikaragarria egiten dabil, Bilbaina Jazz Cluba be hor dago... eta udako jaialdiak, Getxo, Donostia eta Gazteiz. Musikene be hor daukagu, urtero urteten da jente barria, eta batzuk hemen inguruan geratzen dira. Nire eretxiz, apurka-apurka hazten doa, kostauko jaku krisia dala eta, baina nik itxaropena daukat.


9.- Badago gauza bat ez dudana ulertzen. Udako jaialdia handietan sarrerak agortu egiten dira, baina urteko beste sasoietan jazz gitxi programetan dala begitanduten jat, eta sarrerak amaitzen diranik ez dot uste... Zelan izan leike?

Jaialdietara jente asko doa, eta poztekoa da. La Haceriak, esaterako, barikuro antolatzen dau jazz kontzertua, eta jentez beteta egoten da. Gero eta eskaera handiagoa dago. Udan hainbeste aukera dagoz, jenteak gero horren faltea daukala akaso. Dana dala, udako kontua da, udan beti dagoz saio gehiago, neguan dana bajatzen da. Egia da beste herrialde batzuetan musikea zuzenean entzuteko ohitura askoz handiagoa dagoala, kalera zeozer hartzera joateak dakar musikea entzutera joatea, bardin da jazza dan, folka, rocka edo reggaea. Hemen ez daukagu ohiturarik.


10.- Jazz klasikoenaren eta abangoardistenaren oinordekoa zarala dinoe Getxo Jazz jaialdiko antolatzaileek, konforme definizino horregaz?

Ba, bai, konforme. Klasikoak asko ikasi dodaz Musikenen, eta aitak be eragin handia euki dau. Klasiko handiak etxean entzun dodaz, aitari eskerrak. Duke Ellington, Bud Powell, Horace Silver eta beste instrumentista batzuen eragina daukat. The Cherry Boppers taldean egon nintzanean funk estiloa jorratu neban, piloa gustetan jataz Stevie Wonder eta Sly Stone. Organua be joten dora, Larry Young asko atsegin dot. Musika abangoardistea be asko-asko gustetan jat, sortzen dabilzan talde barriak, Vijay Iyer eta Jean-Michel Pilc, esaterako. Eta free jazza, Agustin Fernandez, Ornette Coleman eta The Thing taldea... Disko bilduma zabal-zabala jazz muetei jagokienez.


11.- Musikari askoren eragina daukazu, argi dago.

Bai, eta danak eragin onak izaten ahalegintzan naz, kar, kar. Eta gehiago be izango dira, jakina. Gauza benetan onak dagoz munduan, ezin da danera ailegau. Gaur egun hain da erraza danetarik entzutea, egiten dna guztia entzutea ezinezkoa dala emoten deust.


12.- Eta zuzenean, zer gurago, bat-batekotasuna ala hoba entseguak egitea?

Bat-batekotasuna, jakina. Jatorriz jazza inprobisazinotik dator. Nire bandeagaz joten dodanean, inprobiseteaz gan, alkarrekintzea gustetan jat, taldeko ganerako kideekaz jardutea. Musikeak eroaten gaitu, bera da gidari, eta batzuetan free jazzeraino joaten gara, musikeak ez dauka mugarik.


13.- Getxoko kontzertuaren ostean, uda lasaia ala...

Nepaletik bueltau nintzanean, behar barik ibiliko nintzala pentsau neban, bain ez, gelditu barik ibili naz. Ia egunero daukat lana, zorionez, eta ez daitela faltau. Getxoko saioaren ostean, badaukat zeuzertxu Madrilen, baina disko barriaren grabazinoa aurreratu nahi dot, ia iraila-urrirako edo.

Juan Ortiz zuzenean, hemen.

Osorik irakurri