Leire Salaberriaren Hiltzaileak album ilustratuak irabazi dau 2014ko Etxepare Saria. Aurtengo sariketara aurkeztu diran 25 lanen artean andoaindarraren albuma aukeratu dau Yolanda Arrietak, Patxi Zubizarretak eta Mikel Valverdek osotutako epaimahaiak. Horreen eretxiz, autoreak bildurra eta egonezina sentiduarazoteko kapaz dan narrazioa eregi dau. Berbak eta irudia primeran buztartzen ditu eta intrigeari eusten deutso istorioa amaitu arte. Amaiera borobil eta lasaigarri batez zarratzen dau tramea, irakurlea jokoaren partaide bihurtuz. Irabazleak 5.000 euro jasoko ditu egile eskubideen aurrerapen moduan eta eta bere lana Pamiela argitaletxeak kaleratuko dau 2014ko udagoienean.
Kontuak kontu, Leire Salaberriak bigarren aldiz irabazi dau Etxepare Saria, 2010ean be berak irabazi ebalako Euria ari duenean lanagaz.
Bestalde, igaz Peru Abarka saria jaso eban Ekhiñe Egigurenek idatzitako Pashmina gorria ipuinaren ilustrazinoakaz.
Nafarroako Udaletako Euskera Zerbitzuek 2004an jarri eben martxan Etxepare Saria. Lehenengo bi edizinoetan ume, gazte eta helduentzako literaturea saritu eban Etxepare sariak; 2006an, umeentzako albumak sortzeko beka bihurtu zan, euskeraz sortutako albumen produkzinoa sustatzeko asmoz. 2009tik beka izateari itxi eta sari bilakatu zan; beraz, ordutik aurrera lanak amaituta aurkeztu behar ditue lehiakideek.