Getxoko Kultur Etxeak Letren Terrazak izeneko udako liburutegiak aterako ditu kalera garagarrilaren 1etik abuztuaren 29ra bitartean, liburuak umeei zein helduei hurreratzeko, ekimenaren sustatzaileek prentsa ohar bidez jakinarazo dabenez.
Igaz legez, sei kokapenetan banatuko dira terrazak: garagarrilaren 1etik 30era, Gernika parkean (Neguri) eta Iturgitxi (Algorta) eta Sarri (Andra Mari) plazetan kokatuko dira, eta abuztuaren 4tik 29ra, barriz, Areetako Geltokia, Algortako Geltokia eta Aldapa (Algorta) plazetara pasauko dira.
Kokapen horreetan guztietan, erabiltzaileek irakurketa anitzez gozau ahal izango dabe, eta txikienek jokoez, tailerrez eta ipuin kontaketa saioez. Ganera, familia osoarentzat antzerki ikuskizunak be izango dira. Letren Terrazak astelehenetik barikura egongo dira zabalik, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era.
Danetara, 2.000 liburuz osotutako funtsa eskainiko deutseez Letren Terrazek erabiltzaileei, eta holan, udal liburutegien arduradunek hautatutako eleberriak, ipuinak, komikiak eta abar izango ditue eskura. Era berean, eguneko prentsa be egongo da. Azken finean, udarako eta batez be umeentzat aproposak diran irakurgaiak kaleratzea da ekimenaren helburu nagusia.
Udako liburutegiak aisialdirako guneak dira eta bertan, umeek irakurketa eta beste hainbat jarduera buztartu leikiez egun osoan zehar, begiraleek gainbegiratuta. Aurten, liburutegiek eskulan tailerrak, jokoak eta adin guztientzako jarduerak hartuko ditue.
Kontuak kontu, garagarrilaren 18an, pailazoen ikuskizuna izango da Apika taldearen eskutik (Sarri plazan, 19:30ean, euskeraz); garagarrilaren 29an, surik bako gozokigintza tailerra izango da (Gernika parkean, 19:30ean, gaztelaniaz eta euskeraz); abuztuaren 4an, Pottoka taldearen disko festa antolatu da (Algortako Geltokia plaza, 19:30ean, gaztelaniaz eta euskeraz); eta abuztuaren 14an, Tor Magoaren saioa izango da (Areetako Geltokia plaza, 19:30ean, gaztelaniaz).
Antzerkia kalean
Eusko Jaurlaritzak sustatutako Haur Antzerkia Bultzatuz kanpainearen harira, kaleko antzerki ziklo bat be izango da hirugarren urtez jarraian Letren Terrazetan, publiko guztientzat. Datorren barikuan, garagarrilaren 4an, Debote Enbote taldeak Vademekun malabar, akrobazia eta umore ikuskizuna eskainiko dau Iturgitxi plazan, 19:00etan, euskeraz, eta hilaren 12an, La risa es bella umorezko antzezlana izango da Gernika plazan, 19:00etan, euskeraz eta gaztelaniaz.
Azkenik, abuztuaren 29an, irakurmenaren mundua ardatz dauen Irakurriz muntaia antzeztuko dau Shakti Olaizola aktoreak Gernika parkean, arratsaldeko 19:00etan.