Garagarrilaren 27a bitartean musika, jantza eta antzerki emonaldiak izango dira aukeran Elorrion, Musikaire jaialdiaren barruan. Cabo Verdeko Carmen Souza abeslariak emongo dau lehenengo kontzertua garagarrilaren 4an, Lariz jauregian, 22:30ean. Emonaldi guztiak debalde dira.
Elorrion, udan, kulturea kalera urteten da dinoe Musikaireren antolatzaileek. Izan be, jaialdiak Elorriok dituan paraje zoragarriak eszenatoki bihurtzen ditu. Ezohiko festibala dala nabarmentzen dabe, bere programea, mazedonia moduko bat da, eta mazedonia honetan nahasten dira osogai oso desbardinak, beti erakargarriak eta kalidadezkoak; nahasten dira be arte muetak eta jatorriak bere.
Carmen Souzak ezin hobeto buztartzen ditu Afrikako eta Cabo Verdeko jazz erritmo tradizionalen dotoretasuna eta sofistikazinoa eta jazz garaikidea eta afro-latinoa. Souzagaz batera, Theo Pascal, Elias Kacomanolis eta Ben Burrell izango dira Lariz jauregiko oholtzan.
Eta domekan, garagarrilaren 5ean, Hasier Oleaga Quintet taldeak Cantus caterva II lan barria aurkeztuko dau, leku berean, eta ordu berean, 22:30ean. Bateria-jole bilbotarragaz batera, Iñaki Salvador (pianoa), Jon Piris (kontrabajua), Mikel Andueza (saxoa) eta Julen Izarra (saxo tenorea) musikariek defendiduko ditue jentaurrean disko barriko kantak.
Jantza garaikideak zarratuko dau Lariz jauregiko egitaraua. Domekan, hiru saio eskainiko dira: Hookesdstill, Lasala konpainia; fETCH, Begoña Quiñones eta Mar Rodriguezen beharra; eta, Dingzihu, Ai Do Project konpainia. Saioak 20:00eta hasiko dira.
Hurrengo astegoienean jaialdiak Tola jauregia hartuko dau. Garagarrilaren 11n, barikua, Habib Koite musikariak Maliko doinuak interpretauko ditu, blues, jazz eta rock erritmoekaz nahastauta. Zapatuan, Antonio Zambujo kantari eta gitarrista portugaldarrak fadoaz gozetako aukerea eskainiko dau. Eta domekan Jabier Muguruzaren txandea izango da, 20:00etatik aurrera. Garagarrilaren 18an, 19an eta 20an be musikea izango da nagusi Tola jauregian, izan be Kepa Junkera, Manel eta Elkano Browning Cream taldeek zuzenekoak egingo ditue eta.
Garagarrileko azkenengo astegoienean amaituko da aurtengo Musikaire. Hilaren 25ean, Elfenthal taldeak The Blue Elf’s Dream opera-rock sorkuntzea taularatuko dau. Rock sinfoniko indartsua, Erdi Aroko rocka, fantasia eta musika neoklasikoa, ikuskizun osoa zuzeneko antzezpen sendo batean batzen dauen istorioa, jaialdiko arduradunen arabera. Zapatuan, Ttanttakak Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa Elurretan) ikuskizunagaz beteko dau herriko plazea, 22:30etik aurrera.
Antzezlan labur bik itxiko dabe egitaraua, dokeman, Casajara jauregian. Pez Limbo konpainiak Espinazo o callos eta Mama limbo beharrak taularatuko ditu, eta Javier Aranda Graciak, Los miserables. Lan bakotxeko hiru emonaldi egingo ditue, 20:00etan, 20:30ean eta 21:00etan.
Plazan Photo horma izeneko argazki-erakusketea egongo da ikusgai.
Musikaire 2014ko egitarau osoa, hemen.