Euskaltzaindiak atal barri zabaldu dau bere webgunean: Hitz-elkarketa. Bertan jaso dira Lexiko Erizpideak Finkatzeko batzordeak hitz-alkarketaz egin dituan lau lanak. Liburu horreeetako hiru -Hitz-Elkarketa/1 (1986), Hitz-Elkarketa/3 (1991) eta Hitz-Elkarketa/4 (1992)- eskura zituan erabiltzaileak papelezko edizinoan, baina ez egoan bersino elektronikorik. Orain PDF formatuan be konsultau daitekez webgunean.
Donostian egin dabe aurkezpena gaur, Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Andres Urrutia euskaltzainburua, Miren Azkarate eta Elixabete Perez Gaztelu egileak, eta Jon Artza Euskaltzaindiko Argitalpen zerbitzuko arduraduna izan dira bertan.
Aitatutako laugarren lana, Hitz-Elkarketa 2 izenekoa, argitaratu barik egoan orain arte. Horren hiru bersino kaleratu ditu Akademiak: modu interaktiboan, ordenagailuan nabigetako; PDF formatuan; eta ePub bersinoan, irakurgailu elektronikoetara jatsi eta bertan irakurteko. Lana Miren Azkarate euskaltzain osoak eta Elixabete Perez Gaztelu euskaltzain urgazleak atondu dabe.
1986ko udabarrian LEF Batzordea sortu eban Euskaltzaindiak, orduan euskaltzain urgazle zan, eta gaur euskaltzain oso dan, Mikel Zalbideren proposamenez. Hitz-Elkarketa 2 liburuaren sarreran azaltzen danez, batzorde honek hitz-alkarketea aztertzeari ekin eutson eta, lehenengo, Zalbidek berak egindako euskal hitz alkartuen behin-behineko sailkapen orokorra onartu eban. Sailkapen hori begien aurrean izanik hasi zan batzordea lanean, eta handik urtebetera argitaratu zan lehenengo emoitzea, Hitz-Elkarketa/1 liburukia. Beste liburu biak etorri ziran gero, eta Hitz-Elkarketa 2 argitara emon barik geratu zan, hasieran aurreikusi baino askoz lan handiagoa eskatzen ebalako.