Euskal Herriko kale antzerki jaialdien aitzindariak hogeita bost urte beteko ditu aurten. 25. urteurren berezia izango dala dinoe antolatzaileek, esfortzu handia egin da-eta edizino honetan. Garagarrilaren 11n, 12an eta 13an Lekeitioko kale, plaza, portu eta hondartzea antzerkiz beteko dira Quebec, Argentina, Frantzia eta Euskal Herriko konpainien sorkuntzekaz.
Bilboko Rekalde aretoan aurkeztu dabe jaialdiako zuzendari Imanol Agirrek, Lekeitioko alkate Maitane Larraurik eta Bizkaikoako buru Asier Madarietak. Garbitxu Deabru Beltzak konpainiako arduraduna eta Josu Mujika Dantzaz plataformako zuzendaria be bertan izan dira.
Aurtengo jaialdiak 100.000 euroko aurrekontua dauka, eta erakundeek egindako esfortzua nabarmenduz hasi dau prentsaurrekoa Maitane Larraurik. Lan handia egin dogu, eta merezidu dauela pentsaten dogu. Hogeita bost urtean festibalak ilusinoa eta irudimena biztuten jardun dau, alkatearen esanetan, eta aurten be horixe dabe helburu.
Urteotan Lekeitiok zortzo produkzino propio sortu ditu, eta aurton hiru estreinauko ditu: Danbor Talka-Les Choc des Tambours, Itsaslaboa. Txoriak: zoroen itsasoa eta Gure musikari handiak. Aupa Maurizia!. Imanol Agirre zuzendariak azaldu dauenez, jantza garaikidea, musikea, perkusinoa eta kale arteak buztartuko ditue sorkuntzok. Jentea hunkitu nahi dogu, emozinoak eragin, azaldu dau.
Danbor Talka-Les Choc des Tambours urte biko lan luzearen emoitzea da. Deabru Beltzak eta Commandos Percu konpainiek lan gogorra egin dabe formatu handiko ikuskizun hau sortzeko, prozesu oso oso luzea izan da, atzera eta aurrera ibili gara urte bian, adierazo dau Garbitxuk. Prekusinoak eta suak bat egiten dabe lan honetan. Ikusgarria izango dala aurreratu dabe. Estreinetako gogoz gagoz, urte bian egin dogun lana erakusteko, ganeratu dau. Emonaldi bi egingo ditue, bata, hilaren 11n, eta bestea, 12an, biak 00:00etan. Euskal Herrian eta Frantzian inoiz egin dan kale antzerki ikuskizun karuena da. Lekeition estreinau ostean, Europako hainbat jaialditan erakutsiko dabe.
Mikel Laboaren kantak ditu oinarri Itsaslaboa. Txoriak: zoroen itsasoa ikuskizunak. Donostiako Dantzaz konpainiak sortu dau, Josu Mujikaren zuzendaritzapean, eta Iñaki Salvador musikariaren laguntzinoagaz. Hamabi jantzariek Laboaren musikea jantzatuko dabe Isuntzako hondartzan. Mikel Laboaren unibertsoa ikusteko modu bat da -azaldu dau Mujikak- ez dogu omenaldi bat egin nahi izan. Jenteak emozinoak sentiduarazotea da gure asmoa. Honeek be saio bi egingo ditue, barikuan eta zapatuan, 23:00etan.
Hirugarren produkzinoa Gure musikari handiak. Aupa Maurizia! da, bost herri musikari landu eta berreskuratzeko proposamena. Musikari garrantzitsuak dira, baina ezezagunak. Euren errepertorioa berreskuratu eta gaurkotu egingo dogu. Esperientzia bitxia izango da, Imanol Agirreren arabera. Oreka Tx-k, Kukubiltxok eta Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiak sustatu dabe proiektua. Hiru marioneta erraldoi sortu ditue: Arratiako trikitixaren ordezkari Maurizia, Leon eta Fasio, eta Zuaznabar eta Goikoetxea txalapartari gipuzkoarrak. Emonaldi bakarra egingo dabe, domekan, 19:30ean.
Itsasoa eta antzerki lotuko dituen ikusgarri bi izango dira Lekeition, Izertiak sortutako Andere Juana eta argonautak eta Eidabaren Sardina freskue.
Clownek be eukiko dabe euren lekua, eta hain zuzen be, orain hogei urte Lekeition eskainitako behar bi, barriztu eta gaurkotuak, ikusteko aukerea izango da. Argentinako Loco Bruscak Speerman ekarri eban orain hamatrkada bi Lekeitiora, eta orain Speerman Retourns aurkeztuko dau. Jokoa, inprobisazinoa eta ironia gustetan jakoz. Eta Salitre taldekoek Rico, rico, rico antzezlana Gozo, gozo, gozo bihurtu dabe orain, eta eurak edegiko dabe ganera jaialdia barikuan, 20:00etan, plazan. Frantziako Tout Sambak Exilod kalejira poetikoa eskainiko dau zapatu arrastian, eta Quebeceko Mr. Banana El banano erakutsiko dau eguerdian.
Hogeita bost urteotako irudi gogoangarriak ikusgai dagoz daborduko 25 urtez itsasargia kale-artegintzan erakusketan, Lekeitioko Barandiaran Aretoan.
Jaialdiaren egitarau osoa, hemen.