Bilboko Goienkaleko merkatari eta ostalariek I. SomeraFest jaialdia antolatu dabe

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko uzt. 8a, 00:00

Datorren zapatuan, garagarrilaren 12an, Goienkaleko ostalari eta merkatariek lehen SomeraFest jaialdia ospatuko dabe. Musikea, kulturea eta sukaldaritzea lotzen dituan ekitaldi barri honek 13:30etatik 15:30etara iraungo dau eta HusH, Insecurity eta The Mari Pippers bertoko musika taldeek kontzertu akustikoak eskainiko ditue kalean bertan.

Bilboko Goienkaleko hemeretzi ostalari eta merkatarik indarrak batu ditue Gora Somera alkarte barrian. Bisitariak erakarri eta kalea bizibarritzeko asmoz, ospakizun, ekitaldi edota jai edegiak eta parte-hartzaileak antolatuko ditue hemendik aurrera Bilboko alde zaharreko kalean.


Rock musikan oinarritutako pintxoak

Kaleko tabernariek musika talde ezagunetan oinarritutako pintxo bereziak prestau ditue SomeraFest jaialdirako. Holan, datozen asteotan Iron Maiden, Red Hot Chili Peppers, AC-DC edo Metallica taldeetan inspirautako pintxoak probetako aukerea izango da. Berbarako, Jonen Etxea tabernako jaubeak Iron Maiden pintxoa eskainiko dau, heavy metal talde britainiar ospetsuaren zalea dalako. Metallica eta AC-DC taldeetan oinarrituriko pintxoak be tabernan topau daitekez.

Urkia tabernako Ainhoa Garciari jagokonez, pistoa eta galeper arrautzak nahastauta Def Con Dos pintxoa asmau dau, El día de la bestia pelikulako musikea egiteagaitik famatua egin zan musika taldea omenduz.

Beste alde batetik, Gure Etxea tabernakoek Esne Beltza musika taldearen izena atxakiatzat hartuz txipiroiaren saltsa baltzagaz egindako kroketa ederrak prestau ditue.

Osorik irakurri