Gernikatik Mundura garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (GGKE) 20 urte bete ditu aurten lan solidarioa eginez Ruanda, Venezuela, Sahara, Angola, Kolonbia, Honduras, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Brasil, Argentina, Maroko, Peru, Haiti eta Mozambiken, erakunde sozial eta komunitarioari lotutako emakume eta gizonen taldeakaz, eta urteurrena ospatzeko, Eupilako Berbenea antolatu dau datorren zapaturako, garagarrilaren 12rako, Gernikako Astra eraikinean.
Erakundeko arduradunek azaldu dabenez, 20 urte honeetan, Gernikatik Mundura GGKEk giza eskubideen eta justizia sozialaren aldeko prozesuak babestu ditu. 20 urte daroaguz lanean gernikar guztiak informetako eta sensibilizetako, eta lehenengo egunetik hona konbita egin deutsegu munduko edozein lekutan gertatzen diran desbardintasunak, injustiziak eta giza eskubideen bortxaketak salatzeko, azaldu dabe.
Holan, 20 urteotan izan dauen konpromiso solidarioa ospatzeko, udaro egiten eban Eupilako Berbenea berreskuratu dau. Antolatzen zanean, 500 persona inguru batzen ziran Gernikatik Mundura erakundeak egiten dauen lana babesteko eta danok alkarregaz musikeagaz gozetako.
Aurten, The Groovies talde bilbotarrak 1970eko eta 1980ko hamarkadetako arrakasta handienakaz eskainiko daben ikuskizuna izango da, eta beste ezusteko asko be bai. Berbenea Astran izango da, gaueko 21:30etik aurrera, eta sarrerak bost euroan dagoz salgai Kultur Etxean, Bake Ederren, Arribaltzan, El Caserion, Arkupen eta Dionisian.