Gipuzkoako Foru Aldundiak antxinako lanbideakaz zerikusia daben liburu bat eta bideo bat argitaratu ditu. Egilea Karmelo Urdangarin da, Javier Carballoren lankidetzeagaz. Liburua Antzinako lanbideak sailaren hirugarren alea da, eta hainbat artisauen lana dakar. Euskeraz eta gaztelaniaz dago, eta argazki eta ilustrazinoak ditu. Bideoa DVD formatuan dago, eta Artiolak koordinau dau. Itzal handiko saskigile diran Azurmendi anaien lana batzen du. Liburutegi, kultur etxe eta ikastetxeetan banatzea da asmoa.
Oscar Usetxi Gipuzkoako Foru Aldundiko Barrikuntzako zuzendariak lanaren aurkezpenean azaldu dauenez, lan garrantzitsu bat dago egiteke: artisautzeari ikusgarritasun handiagoa emotea, hain zuzen be, gipuzkoarren artisautzea balioestea. Bere esanetan, mundu globalizatu batean, artisautzea oso garrantzitsua da zeozer desbardina eskaintzeko, estandarretatik kanpo dagoan zeozer. Horregaitik argitaratu dau Aldundiak Karmelo Urdangarinen Antzinako lanbideak sailaren hamahirugarren zenbakia. Esangura horretan, Javier Carballogaz batera Karmelo Urdangarinek egindakoa nabarmendu dau Usetxik.
Liburua eta bideoa argitaratzeko helburuak bi dira: bata pedagogikoa, gauzak egiteko moduen barri emotea, eta horregaitik liburudendetan ez eze, ikastetxe eta liburutegietan banatzen doguz. Beste helburua lanbide horreek jagotea da, asko eta asko galtzeko zorian baitagoz, artisauek itxi egin dituelako edo hil egin diralako. Modu grafikoan jaso doguz, bideo baten bidez, hareen lekukotza hartu nahi dabenentzat, azaldu dau.