The National, The Divine Comedy, Imelda May eta The Orwells BIME Live 2014 jaialdian izango dira

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko uzt. 9a, 00:00

The National boskote estadubatuarra izango da Barakaldoko BECen urriaren 31n eta zemendiaren 1ean egingo dan BIME Live 2014 jaialdiko izen nagusia, aurretik iragarrita egoan Placebo taldeagaz batera. Bizkaia International Music Experience (BIME) jaialdian izango diran bederatzi izen barri jakinarazo ditue gaur antolatzaileek, eta The Nationalegaz batera, The Divine Comedy, Imelda May eta The Orwells nabarmentzen dira, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Last Tour International enpreseak jakinarazo dabenez.

The National taldea Cincinnatin (Ohio, AEB) sortu zan 1999an, eta 2001ean lehen diskoa grabau ebanetik kritikak beti izan ditu alde. Halan da be, ospea Alligator (2005) hirugarren diskoari esker heldu jakon, eta Urteko diskoa zerrendetan postu garrantzitsuenak eskuratu zituan, besteak beste, LA Times, Insound edo Uncut lako hedabideetan.

Ordutik, estudioko beste hiru lan kaleratu ditu boskoteak (azkena, Trouble Will Find Me, 2013. urtean), eta disko guztiakaz taldearen musikearen irismena handitzea lortu dabe, harik eta gaur egungo musika alternatiboa ulertzeko The National funtsezko izen bihurtu dan arte.

Kontuak kontu, The National, Placebo, Mogwai, Basement Jaxx edo Mando Diao taldeez gan, BIME Live 2014 jaialdiko beste talde nabarmenetako bat The Divine Comedy izango da. Neil Hannon iparrirlandarrak 1988an abiarazo eban proiektu hau, eta The Smiths edo Electric Light Orchestra taldeen eragina, zein Scott Walker edo Jacques Brel lako artisten eragina dauka, bai eta Beach Boys edo Burt Bacharach taldeen pop barrokoarena be. Holan, dozena bat diskoren ondoren, The Divine Comedy sailkatu ezin dan banda horreetako bat da, eta, aldi berean, ezinbestekoa.

Bestalde, Imelda May kantautore irlandarra gaur egungo rockabillyaren izen handietako bat da, eta joan dan apirilean grabautako estudioko bere laugarren lana aurkeztuko dau BECen: Tribal. Artista handiakaz batera ibili da oholtza gainean Imelda May, esaterako, Wanda Jackson, Lou Reed, David Gilmour, Brian Setzer edo Elvis Costellogaz.

BIME Live jaialdian izango dan beste izen interesgarrietako bat The Orwells izango da. Elmhurstetik (Illinois, AEB) heldutako boskote gaztea 2011ko amaieran Justin Gage blogariak topau eban, eta Autumn Tone bere diskoetxeagaz grabazino kontratua sinatu eban. Remember When izeneko lehen lana 2012ko abuztuan heldu zan, eta berehala The Orwells taldea Urteko banda onenak lako zerrendetan edo Lollapalooza lako jaialdien egitarauan agertzen hasi zan. Bigarren lanaren izena Disgraceland da, eta bagilaren 2an kaleratu eban boskoteak.

The National, The Divine Comedy, Imelda May eta The Orwells bandez gan, egitarauan beste izen batzuk be izango dira, tartean Fuel Fandango, La M.O.D.A., Smile eta Kometa.

Osorik irakurri