'Goazen gudari danok' dokumentalaren filmaketan 200dik gora figurante dabilz

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko uzt. 10a, 00:00

Gerra Zibilean euskal lurraldean izandako jazoera beliko hori epikoenetakoa eta, bere ondorioakaitik, sano garrantzitsua izan zan, ze funtsezko momentu batean, harek ahalbidetu ebalako, bateko, miliziano eta gudari gazteen morala sendotzea eta, besteko, posizinoak berreskuratzea eta Agirrek lehendakariak Gernikan bere kargua zin egitea eta holan euskal autonomia bideratzea.

Goazen gudari danok dokumentalean irudikatzen diran jazoerak 1936ko irailaren azken aldea eta urriaren erdi aldea bitartean jazo ziran Zirardamendi-Aiastia (San Migel)-Elgoibar fronte-lerroan. Grabaketen lokalizazinoei jagokenez, barruko grabaketak Azpeitiako Jesusen Bihotzaren Esklaben Komentuan egin dira eta kanpoaldekoak, barriz, Markinako Iturreta Auzoan eta Elgoibarko Bioin.

Proiektuko zuzendaria Iban Gonzalez da; argazki Zuzendaria Kalo Berridi eta produkzino etxea, barriz, Baleuko. Produkzino eta zuzendaritzakide lanak Eduardo Barinagak egin ditu.

Kontuak kontu, zenbait erakundegaz alkarlanean, besteak beste: Aranzadi Alkartea, Sabino Arana Fundazinoa eta Santxo de Beurko Alkartea, Elgoibarko Udalak bultzatutako oroipenezko egitarau zabal baten barruan, egunotan Baleuko produkzino etxea dokumental bat filmetan dago, Gerra Zibilean euskal lurraldean, Zirardamendi-Aiastia (San Migel)-Elgoibar frontean bizitako jazoera garrantzitsu bat birsortzeko asmoagaz.

Berrehun boluntariok hazurmamitzen ditue alde biak, sasoi haretako uniformeakaz jantzita eta orduko fusilakaz eta beste arma batzuekaz horniduta. Alde batean euskaldunen askatasunen eta Errepublikearen defendatzaileak, gudari, errepublikano zein anarkista, eta bestean, Francogaz altzatutako gerra-taldeetako erasotzaileak. Birsortzen diran jazoerak 1936ko irailaren azken aldea eta urriaren erdialdea bitartean izan ziran Zirardamendi-Aiastia (San Migel)-Elgoibar fronte-lerroan.

Egun horreetan, euskal gazte zenbaitek matxinatuen aurrerakuntza gerarazotea lortu eben; gazte hareetako gehienek jazoerak baino bi hilebete bakarrik lehenago gerra-armen gainean eben ezagutza guztia soldadutza garaikoa zan. Altzatuak deskantsu barik ebilzan aurrera egiten eta, eurei kontra egin ezkero, dana birrinduko ebela mehatxatuz, esku-orrietan eta irrati-estazino matxinatuen emonaldietan esaten zan legez.

Sakrifizio harek balio izan eban, handik egun batzuetara, urriaren 7an, Jose Antonio Agirrek bere kargua zin egin ahal izateko, gobernua eratu eta euskal autonomia jardunean hasteko. Jaurlaritza haretan, anarkistak izan ezik, Errepublikearen aldeko sensibilidade politiko guztiak ordezkatuta egozan eta bere helburuak lortzeko bide eta bitarteko legez personearen funtsezko eskubideak errespetetea hartu eban, eta inoiz ez zan bide demokratikoetatik aldendu. Horren fede emoten dau Gernikan aldarrikatutako Jaurlaritzearen programeak, eta horren frogea da, Agirreren kabineteak hartutako lehenengo neurrietako bat izatea libre ixtea Bilboko kartzeletan egozan 178 emakume, eskuineko militanteak eta altzatuak babesteagaitik espetxeratuak.

Oraintsu, 2012an, Aranzadi Zientzia Alkarteak hobi komun bat hutsitu eban Zirardamendin, hain zuzen be, inguru horreetako gerra-frontea zenbait hilebetez egonkortzea eta holan hurrengo asteetan Euskadiko lehenengo Jaurlaritzea, Agirre lehendakaria buru izan eban Euzkadiko Jaurlaritzea, eratzea ahalbidetu eban gerran hildako gudariak lurperatuak izan ziran lekuan.

Dokumentala beste egitasmo zabalago baten parte da, izan be, fronte horretan burrukan ibilitako gudariei eta milizianoei gorazarre gomutagarri handiago bat egin nahi jake datorren irailean zehar.

Osorik irakurri