Euskadiko Herri Kirol Federazinoa (EHKF) Nazinoarteko Sokatira Federazinoan (TWIF) sartu da, eskubide osoko kide ofizial legez, eta ondorioz, Basque Country izenagaz jokatu ahal izango dau euskal selekzinoak txapelketa ofizialetan. Hurrengo Munduko lur gaineko Txapelketea AEBetan, Wisconsinen izango da, abuztuaren 28tik 31ra.
Federazinoaren arabera, momentu erabagigarria Espainiako Konstituzino Auzitegiaren euskal kirolari buruzko ebazpena izan zan, 2012ko apirilaren 18koa. Lau urte geroago euskal sokatira selekzinoak ofizialtasuna lortu dau.
Kontu honetaz gehiago jakin guran, Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendariagaz bat egin eta hona hemen emon deuskuzan azalpenak:
1.- Orain arte, sokatirako taldeek Spain izenagaz parte hartu dabe nazinoarteko txapelketetan, erropan euskal sinbologia sartzen eben arren. Zelakoa zan sinbologia hori?
Gaia argitzearren, Nazinoarteko Sokatira Federazinoan kide bazan baina ez eskubide osoakaz. Jokatzeko garaian, oso oker ez banago, ikurrina eta soinean jarten eben baina Euskadi edo Basque Country ezin zan erropatan agiri. Desfileetan eta Euskadiko Herri Kirol Federazinoko siglakaz joiazan kirolariak eta ereserkien kasuan, Nazinoarteko Sokatira Federazinoaren bandera eta ereserkia joten eben. Egoerea alegala edo zan, kide izan arren, eskubide osorik bakoa zalako.
Orain, barriz, lortu dogu sokatira selekzinoa eskubide osoko kide ofiziala izatea eta datorren abuztuan, AEBetan, Wisconsinen jokatuko dan munduko txapelketan, ikurrina normaltasunez atarako dogu eta erropatan Euskadi Basque Country jarteko aukerea izango dogu ezelako muga barik.
2.- Sarri entzun dogu borondate politikoa behar dala ofizialtasuna lortzeko. Sokatiraren kasuan, zeintzuk izan dira ofizialtasuna lortzeko giltzarriak?
40 urteko prozesu luzea izan da baina jente askoren ahaleginak zeozertarako balio izan dau. Orain dala hiru hilebete egindako jardunaldian azaldu genduan ez zala gai juridikoa, hau da, txosten juridikoa aurkeztu geuntsan federazinoari eta hor ez egoan arazorik. Legearen barruan, eskubide guztiak geunkazala adierazo geuntsen eta Nazinoarteko Sokatira Federazinoari eskatu euskuzan txosten eta agiri guztiak aurkeztu ondoren, guk prozesua gehiago luzatuko zala pentsau arren, botazinoa egin eta ontzat hartu eben gure eskaria (17k emon eben botoa, 13 alde, 3 kontra eta abstentzino bat).
Borondatearena dago gai honen erdian baina ez politikoa bakarrik; ganera, kontuan hartu behar da federazinoen izaera juridikoa pribadua dala. Borondateari jagokonez, lehenengo Euskadiko Herri Kirol Federazinoaren borondatea dago, eurek nahi izan behar dabe Nazinoarteko Sokatira Federazinoan eskubide osoakaz parte hartzea eta, ondoren, Espainiakoa balego (Herri Kirolen kasuan ez dago), horren borondatea be bai eta, azkenik, Nazinoarteko Sokatira Federazinoak be borondate argia erakutsi behar dau. Egon baegoan borondate horri forma juridikoa emon deutsagu, sentimenduetatik bide zehatzetara eroan dogu gaia.
3.- Euskadiko Herri Kirol Federazinoaren arabera, 2012ko apirilaren 18ko Espainiako Konstituzino Auzitegiaren euskal kirolari buruzko ebazpena izan zan momentu erabagigarria. Zein da zure eretxia?
Kirol Legea onartu zanean be errekurtsoak izan ziran Estaduaren aldetik eta Konstituzionalean asko luzatu da prozesua. Aitatu dozun ebazpen horretan, erispideetako bat zan euskal gobernuak bere autonomiaren barruan, kirol eskumen propioak zituala, Espainiako kirol federazinoen artean, kirol zehatzen bat ez dagoan kasuetan, berbarako, herri kirolen kasuan eta horregaitik da garrantzitsua. Guk hortik abiatuta egin genduan txosten juridikoa eta CSDk, Kirolen Goi Kontseiluak agindutako beste informazino bategaz batera txostena osotu eta nahikoa izan da.
4.- Nazinoarteko Sokatira Federazinoan (TWIF) eskubide osoko kide ofizial legez sartu da Euskadikoa. Ze ondorio dakar horrek?
Guretzako argi dakar lege konturik ez dagoala tartean. Orain arte esan izan deuskue estadu bat behar genduala ofizialtasun internazionala lortzeko baina oraintsura arte estadurik bako 49 nazino egozan ofizialtasuna lortuta eta gu izan gara 50.a.
Era berean, Estadu baten parte dan erregio bat ezin dala izan nazinoarteko federazino baten barruan be esan izan deuskue baina futbolean hor dagoz Feroe Ugarteak eta Danimarka, saski baloian, AEBak eta Puerto Rico.
Kontuak kontu, pausu garrantzitsua da orain lortu doguna eta aurrekaria izatea espero dogu herri kirolean eta sokatiran lortutakoa beste federazino batzuetan lortzeko.
5.- Erabagia behin betikoa da ala bestelako esku-hartzeren bat izan daiteke, Espainiako Federazinoarena edo gobernuarena, akaso?
Ez. Erabagia behin betikoa da. Sekula ez dago esaterik etorkizunean zer pasauko dan baina argi daukagu botazinoa normaltasunez egin zala eta guri notifikazino ofiziala heldu jakula Euskadiko Herri Kirol Federazinora: honezkero eskubide osoak dituan selekzino ofiziala gara.
6.- Sokatira selekzinoaren ofizialtasunaren aurrekariagaz ganerako kiroletan errazagoa izango al da prozesua?
Aurrekaria badago eta hori osogai garrantzitsua izango da aurrerantzean baina prozesua ez da erraza, zailtasunak izango dira. Behin eta barriro nago azpimarratzen eta holan da izan be, federazinoen borondatea da ezer baino lehen behar dana. Hortik aurrera, Estaduko federazinoarena eta nazinoartekoarena beharko litzatekez. Esangura horretan, badogu asmoa eta gogoa alkarlanerako hainbat federazinogaz eta segurutik kasu batzuetan beste batzuetan baino errazagoa izango da prozesua baina hor ibiliko gara ekinean. Gurea ez da itxurakeria, ez gara argazkiaren bila joan, nazinoartean ofizialtasuna lortzea da gure asmoa eta bide horretan arlo bi jorratuko doguz: lehenengoa, kirol esparruaren bidea; hor amaieraraino joango gara, hau da, TAS, Kirol Arbitraje-epaimahaira be joko geunke beharrizana balego, kostu guztia geuregan hartuta; eta, bestetik, bide politikoa, kide garenez, Europan defendiduteko eskubide horreek badaukaguzala.
7.- Futbola, surfa, arraunlaritzea eta beste kirol batzuk zain dagoz. Sokatira selekzinoaren ostean, ofizialtasuna lortzen zein izango ete da bigarrena?
Ez dago jakiterik. Bide hau federazinoakaz egin behar da eta eurak gogoan hartu barik komunikabideei ez deutsegu ezer aurreratu nahi. Orain hiru hilebete jardunaldi bat egin genduan federazino guztiakaz; txostentxua bialdu geuntsan danari, ofizialtasunaren hautuak ze gauza on eta ze txar ekarri leiken zehaztuz, galdera batzuk eginez. Informazino hori jaso eta kirol bakotxaren egoerea zein dan aztertuko dogu. Gure asmoa da uda ostean federazinoakaz alkartu eta txosten osotu bat aurkeztea. Tartean 6 federazino dagozala aurreratuko deutsut.
8.- ESAIT, euskal selekzinoaren aldeko eretxi taldeagaz zelako hartu-emonak dozuez?
Federazinoen kasuan eta ofizialtasun internazionalaren kasuan, protagonistak zeintzuk diran argi daukagu. Hau ezinbestekoa da ze gure ordenamendu juridikoaren barruan, EAEn dagozan 168.000 federatuen eretxia interesetan jaku. Beraz, ofizialtasunaren alde dagozan talde edo erakundeakaz batzarrak eta hartu-emonak izan arren, ezin doguz danak parametro berean jarri, guretzako protagonistak federazinoak dira, federazinoen batasuna eta gu gobernu legez gagoz horreei zerbitzua emoteko.
9.- Arraunean ibilitakoa zaitugu eta Oriogaz Kontxa bi irabazita zagozala jakinda, zeintzuk izango dira oraingoz San Miguel Ligan lider doguzan oriotarren arerioak?
Denporaldiaren hasieran Orio eta Urdaibai dagoz aurrean baina Urdaibairi ezarritako zigorarren ostean, Oriok dauka aukera handiena ligea irabazteko. Gero, Orio eta Urdaibaigaz batera, beste hirukote bat nabarmenduko neuke, Hondarribia, Kaiku eta Portugalete. Akaso, ezustekoren bat be izan daiteke baina oraingoz bost horreek ikusten dodaz goi mailan.