Inork be ez daki zehatz Naadameko Jaialdia noiz egin zan lehenengoz baina orain mende batzuk izango zan seguru. Mongoliako kirol, kultur eta gizarte mailako ekitaldi erraldoian buru-belarri sartzea denporan atzera egitea da, esperientzia zoragarria.
Temujin, Gengis Kan handia berpiztu dala emoten eban, izan be, Mongoliako tribu danak batu eta XII. mendearen hasieran historiako inperiorik handiena sortu ebanaren omenez edo tanbor eta tronpeta soinuak ziran nagusi, kaleetan armadura gorri eta urre-koloreko kaskodun zaldunak ebilzan eta herrialde osoko bazterretatik hurreratutako milaka lagun agiri ziran kolore biziko erropa tradizionalakaz, Frantziaren azalerearen hirukotxa dauen herrialdean, danetara, hiru miloe lagun baino ez diran arren.
Halan da guztiz be, Naadam jaialdiko ekitaldi edo proba gehienak egiten diran Estadio Nazionalean, lehenaldia eta etorkizuna eskutik ikusi genduzan pasa dan astean izandako inaugurazinoan. Gengis Kanen armadako zalditeriaren eta egungo eliteko soldaduen komunismoaren sasoiko seriotasun zaharkituagaz desfilau eben. Eta joandako dinastien jantza tradizionalak zein tangoaren eta saltsearen buztarketea emoten eban jantza barriagoa be protagonista izan ziran; azken horreek upealako arrakastea dabe gero eta indar handiagoa hartzen dagoan klase ertaineko gazteen artean eta azken belaunaldiko eskuko telefonoakaz etenik bako argazki zaparradea ikusi genduan.
Fanfarriaren ostean, astegoien osoan atletak izan ziran jaun da jaube jokoetako hiru modalidadetan: zaldi lasterketak, arku-tiroa eta burruka librea. Jaialdiaren jatorrizko izena eriingurvannaadam dan arren, berbaz berba 'gizonen jokoak', azken aldian, emakumeeek be parte hartzen dabe lehenengo modalidade bietan. Umeak, barriz, tartean dagoz kasu guztietan. Gazterik hasi behar da entrenetan eta lehia jokoa oso ona da hobetzen joateko dino arkulari zahar trebe batek.
Unescok izentauta, 2010etik Gizateriaren Ondare da Jaialdia eta aurten urteurren hirukotxa ospatu dabe: Estaduaren sorrerearen 2223. urteurrena; Mongoliako Inperio Handiaren 808. urteurrena; eta Mongoliako Herri Iraultzearen 93.a. Harrotasun hori oso presente egon zan Mongoliako presidente Tsakhiagiin Elbegdorjek egindako inaugurazinoko lehenengo berbaldian, izan be, beste gauza batzuen artean independentziari eutsi behar jakola adierazo eban. Mongoliak planetako hazkunde tasarik handiena dauka gaur egun baina boterea Txinaren esku dago eta arriskua ukaezina da. Kontuan hartu, orain milurtekoak Harresi Handia eregi behar izan ebala Txinak, besteak beste, mongoliarrakandik babesteko.
Naadameko Jaialdiagaz jarraituz, mongoliar gudarosteen suhartasun edo harropuzkeria ezaguna ikusgai izan da kirol probetan, batez be, burruka libreko saioetan; horreetan ez egoan 1024 parte-hartzaileen pisuen araberako sailkapenik eta, beraz, gorpuzkera normaleko gizon bat neurriz eta pisuz bikotxa izan daitekeen beste baten kontra lehiatzen ikustea ez zan gauza arraroa. Kontuak kontu, kirol entsutetsuena dan horretan, 9 edo 10 kanporaketa gainditzen dituenek 'leoi' titulua jasoten dabe eta titulu hori bost aldiz irabazten dabenek, barriz, 'nazinoko garaituezineko titan' izentapena lortzen dabe.
Zaldi lasterketetan, ostera, zaldun argalenak dira zeozelako abantaila edo bentajea dabenak. Ikusgarria da hasibarrien abilidadea eta kasu askotan zaldun helduakaz lehiatzeko eta maila handia emoteko ez leukie bape arazorik izango. Odolean daroagu, nomadok zaldien pentzura bizi garelako eta oinez hasteagaz batera erabilten doguzalako dino barreka Ikharj izeneko parte-hartzaileetako batek. Neurriz txikiak izan arren, zaldunak hegaz doazela emoten dau eta ikusleek eztarriak urratzen ditue euren faboritoak animatuz. Duda barik, jaialdiko egun horreetan aspaldi galdutako handitasuna berreskuratzen dau Mongoliak.