Ertzaintzearen lehenengo Euskerearen Erabilera Plana aurkeztu jake sindikatuei

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko uzt. 17a, 00:00

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Estefania Beltran de Heredia sailburua buru zala, Ertzaintzearen historiaren lehenengo Euskerearen Erabilera Plana aurkeztu deutse sindikatuei euskal herritarrei polizia zerbitzu elebiduna emoteko erronkeari begira. Aurkezpenaren ondoren, erakunde sindikalen ekarpenak jasoteko epea edegi da.

Segurtasun Sailak 2015erako Planean batutako neurrien artean dagoz urteko euskalduntzerako aurrekontua handiagotzea, urtero euskera ikastaroak egiteko liberetan diran ertzainen kopurua igotea -2015etik aurrera kopurua 80 eta 100 artekoa izango da (egun 25 dira)- eta plan zehatz bat sortzea agenteek euren lana euskeraz egiteko kapaz izan daitezan.

Orain dala gitxira arte, eta urte askotan, Ertzaintzearen oinarrizko lehentasuna euskal biztanleen bizitza, eskubideak eta oinarrizko askatasunak jagotea izan da. Orain, etorkizuneko Ertzaintzeak hurreko polizia zerbitzua eskaini behar dau. Horretarako, Ertzaintzeak kapaz izan behar dau euskal herritarrakaz nahi daben hizkuntza ofizialean jarduteko, adierazo dau Beltran de Herediak.

Administrazinoaren eta Zerbitzuen sailburuorde Iñaki Gurtubaik aurkeztu dauen 2014-2019 aldirako plana Ertzaintza barriaren ibilbide orria izango da euskerearen gaian. Gaur egun, 2.652 ertzainek PL1 mailea bermatuta dabe (Europako Erreferentzia Markoaren B-2 maileagaz bateragarria), eta 171 agentek PL2 (Europako Erreferentzia Markoaren C-1 maileagaz bateragarria); horreek dira Ertzaintzearen euskalduntze prozesuaren araudian batzen diran bi profil bakarrak.

Planak azpimarratzen dau Ertzaintzearen unidadeak sailkatu egin behar dirala herritarren zerbitzu zuzenaren mailearen arabera eta unidade bakotxaren inguru soziolinguistikoaren arabera. Sailkapen hori oinarrizkoa da zehazteko zein unidadek eta ertzain etxek daben lehentasuna bertan lan egiten daben ertzainak euskerea ikasi deien liberetako orduan.

Planak ondoko erabilera erispideak batzen ditu: hizkuntza ofizialak, itzulpenak, euskerearen sustapenerako ekintzak eta hizkuntza erispideak kontratazinoan, informatika-tresnetan eta barruko eta kanpoko komunikazinoan.


Ertzain liberatuak

Bost urteko planak bere ekintzen artean dakar euskerea ikasteko liberautako ertzainen kopurua igotea. Gaur egun 25 dira, eta 2015. urtetik aurrera, Segurtasun Sailak euskerea ikasteko ikastaroetara 80 eta 100 persona bitartean joan daitezala nahi dau.

Gainera, 2015eko hasieran, Segurtasun Sailak prestakuntza plan espezifiko bat abiarazoko dau, Trebakuntza izenekoa, nahi daben eta hizkuntza mailea daben ertzainek euren lana euskeraz egin ahal izatea errazteko eta bultzatzeko. Horretarako, prestakuntzea jasoko dabe eta aldizkako laguntzinoa izango dabe helburu hori dauen personalaren bitartez (trebatzaileak). Gainera, Segurtasun Sailak aurreikusi dau 2015ean euskereari zuzendutako aurrekontua bikoiztu egingo dala.

Azken urteetan Ertzaintzeak pausu batzuk egin ditu gure herritarrei zerbitzu elebiduna eskaintzeko. Orain polizia zerbitzuaren jarraikako hobekuntzan salto kualitatibo bat egiteko kapaz gara, esan du Segurtasuneko sailburuak. Era berean, Ertzaintzearen Euskerearen Erabilera Planaren barruko ekintza positiboen abaniko zabala azpimarratu dau, bere lana euskal biztanleek aukeratzen daben hizkuntza ofizialean egingo dauen Ertzaintzea sortzea helburu dauena.

Osorik irakurri