Johnny Winter blues musikaria hil da

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko uzt. 17a, 00:00

Johnny Winter blues musikari estadubatuarra hil da gaur, garagarrilak 17, 70 urte zituala, Zurichen (Suitza), Rick Darringer bere taldekidearen emaztea dan Jenda Darringerrek jakinarazo dauenez. Johnny gaur goizean hil da, Zurichen. Bere osasun egoerea ez zan ona eta ahul eta makal sentiduten zan, idatzi dau Jenda Darringerrek Facebook sare sozialean, American Blues Scene aldizkariak jaso dauen mezu batean.

John Dawson Winter III.a Beaumont urian (Texas, AEB) jaio zan, 1944ko zezeilaren 23an, eta blues rockaren eta AEBetako hegoaldeko rockaren izen handietako bat izatera heldu da bere ibilbide luzean.

Mikel Bloomfield gitarristearen kontzertu bat edegieran, 1968an, Columbia Records diskoetxeko zuzendari baten atentzinoa bereganatu eban, eta berehala fitxau eban, 600.000 dolarreko aurrerakin bat emonez. Ospe gehien 1970ko eta 1980ko hamarkadetan lortu eban, eta bere idoloak ziran Muddy Waters eta John Lee Hoooker bluesman handien ibilbideetan be lagundu eutsen.

Musikari estadubatuarrak 20 bat disko argitaratu ditu eta zazpi aldiz izan da Grammy sarietarako hautagai. Gainera, Rolling Stone aldizkariaren arabera, historiako 63. gitarrista onena izan da.

Johhny Winterrek mundu osoan zehar joten jarraitu dau oraintsura arte, eta holan, joan dan maiatzean Bilboko BBK Aretoan izan genduan, Music Legends zikloaren barruan. Gainera, datorren irailean Step Back disko barria kaleratzeko asmoa eukan.

Osorik irakurri