Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Koruak lehen aldiz jardungo dau Euskadin

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko uzt. 18a, 00:00

Barikuan, garagarrilak 18, 18:30ean, Bizkaia Aretoko Baroja gelan (Abandoibarra etorbidea 3, Bilbo), Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Korua (European Medical Students’ Orchestra and Choir - EMSOC) osotzen daben 75 gazteei harrera ekitaldia egingo deutsee. Nazinoarte mailako kultur egitasmo honek urtero batzen ditu Europako Medikuntza Fakultade desbardinetako medikuntza ikasle eta mediku gazteak hainbat kontzertu emoteko. Aurten, topaketa horretarako Euskadi aukeratu dabe.

Harrera ekitaldian parte hartuko dabe Carmelo Garitaonandia, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Asier Abaunza, Bilboko Udaleko zinegotzia, eta baita Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Koruko musikari gazteek be.

Datozen zortzi egunetan, taldea osotzen daben 75 gazteek (45 orkestrako kideak dira eta 35 korukoak) egitarau betea izango dabe, goiz eta arratsaldez entseguak izango baititue. Halan da be, adiskidetzeko eta hainbat toki turistiko ezagutzeko aukerea be izango dabe, besteak beste, Guggenheim Museoa edo Plentziako udalerria. Euskadin egongo diran egunetan, UPV/EHUko Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian hartuko dabe ostatu gazteek eta entseguak Bizkaia Aretoan egingo ditue.

Urte honetan, Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Koruko kideen artean Euskal Herriko Unibersidadeko Medikuntza eta Odontologia Fakultadean ikasten daben lau gazte be badagoz tartean. Eta horreen artean, Iñigo Hernando nabarmendu behar da, Medikuntzako bosgarren mailea amaitu barri dauen gazte hau izan baita Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Korua Euskadira etortea posible egin dauena. Hernandok klarinetea joten dau eta Medikuntzako lehen mailan matrikulau zanetik hartzen dau parte orkestra honegaz. Beste alde batetik, nabarmendu behar da, baita be, orkestrako zuzendaria, Margarita Lorenzo de Reizabal, UPV/EHUn Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua dala, eta baritono bakarlaria, Patxi García Garmilla, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko irakaslea dala.


Kontzertuak

- Garagarrilak 25, barikua, 20:00etan, Bilboko Santiago katedralean. Sarrerea librea.

- Garagarrilak 26, zapatua, 20:00etan, Gasteizko Santa María katedralean. Sarrerea librea.


Europako Medikuntza Ikasleen Orkestra eta Koruaren historia

Erakunde honen jatorria 1993. urtetik dator, Wurzburg (Alemania) urian musika zaletasuna konpartiduten eben medikuntza ikasleen lehen topaketea egin zanean. Urtez urte, parte-hartzaileen kopurua handitzen joan zan, eta aldi berean alkartea kontinenteko toki desbardinetan hasi zan kontzertuak eskaintzen, besteak beste, Berlinen, Londonen, Ljubljanan, Budapesten, Erroman, Bartzelonan edo Pragan. Azkenik, 2009. urtean, orkestreak eta koruak bat egin eben, irabazi-asmorik bako alkarte hau sendotuz.


Zuzendariak eta bakarlariak

Margarita Lorenzo de Reizabal, orkestrako zuzendaria Bilbon jaio zan, eta bertan egin zituan Piano eta Konposizino goi ikasketak, Karrera Amaierako Ohorezko Sariakaz Solfeoan, Pianoan, Konposizinoan, Orkestazinoan, Artean, Musikearen Historian eta Musikearen Estetikan. Gainera, Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua da Euskal Herriko Unibersidadean. Nazinoarte mailan ibilbide luze eta emonkorraren ondoren, 1993. urtetik Leioako Gazte Orkestrako zuzendari titularra da eta gaur egun Musikeneko Analisia, Konposizinoa eta Zuzendaritza Saileko zuzendaria da.

Anna Katharina Kalmbach, barriz, koruaren zuzendaria da. Hezkuntza musikala ikasi eban Karlsruheko Musika Unibersidadean (Alemania) biolinaren errendimenduan eta koru zuzendaritzan espezializatuz. Gaur egun, koru zuzendaritzako irakaslea da eta Luzerner Kantorei neskakaz osotutako umeen koruko zuzendari artistikoa 2012tik.

Garbiñe Abendaño, soprano bakarlaria. Basaurin jaio zan. Bilbo eta Donostiako Musika Eskoletan ikasi eban musikea. Musika Pedagogia, Solfeo eta musikearen teoria, Gitarra eta Kantua tituluak eskuratu zituan, azken hau karrera amaierako sariagaz. 1986. urtean Iparraguirre musika ikasketen Zentroa sortu eban Basaurin eta hor 18 hilabetez irakasle lanetan egon zan. Euskal Kantu Lirikoa proiektuko kidea da hasieratik eta, gaur egun, soprano bakarlaria da eta kantu irakaslea Leioako Musika Eskolan.

Patxi García Garmilla, baritono bakarlaria. 1973an hasi eban musikari lez bere ibilbidea. Baritono bakarlari eta organo-jotzaile ibili izan da. Konposizino eta musikologian lizentziatua da eta, ganera, irakaslea da Euskal Herriko Unibersidadeko Zientzia eta Teknologia Fakultadean. Baritono bakarlari lez 1975ean hasi zan, Beethovenen bederatzigarren sinfonia abestuz Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz batera. Ordutik, saio asko egin ditu bakarlari lez eta, ganera, koru ospetsuetan be parte hartu dau, Bilboko Koral Alkartean, Bilboko Ganbara Koruan, Bilboko Collegium Vocalen, Euskal Herriko Unibersidadeko Koruan edo bera sortzaileetako bat izan zan Aula Boreal talde barrokoan.

Osorik irakurri