1972an sortu zan Portugaleteko Nazinoarteko Folklore Jaialdia, harrezkero 40 hitzordu antolatu ditue, tartean orduko egoera politikoak eragotzi zituan edizino bi. 40 urte betetea ez da erraza, bada berez lorpen handia. Kalidadezko taldeak, jantza eta musika ona eskainiz, ospatuko dabe urteurrena.
Zazpi egunez Costa Rica, Txina, Ipar Osetia, Polonia, Hegoafrika eta Aragoiko taldeek, eta Portugaleteko Elai Alai talde antolatzaileak, euren jantzak eskainiko ditue La Canilla ibiltokian, ikusleak hur, aurrez aurre dituela, Gaizka Benguria jaialdiko arduradunak nabarmentzen dauenez. Lehengo emonaldia astelehenean egingo dabe, 21:30ean, Elai Alaik, Costa Ricako Tierra y Cosechak eta Ipar Osetiako Goretsek.
1.- Urteurrena modu berezian ospatzeko asmorik daukazue?
Gauza berezirik egiteko aukera handirik ez dogu euki, nahiago izan dogu taldeen kalidadea mantendu, talde onak ekartea, dirua beste gauza batzutan gastetea baino. Beraz, gauza berezirik ez da egongo. 40 urtera heltzea be ez dago txarto, kar, kar. Baina, bai, hasierako asmoa bazan zeozer berezitxuagoa egitea, baina ezin izan dogu.
2.- Egin zeinkie 45. urteurrenean, edo 50.enean...
Bai, bai, ia egoerea apurtxu bat hobetzen dan.
3.- Zelan bizi dau Elai Alai taldeak jaialdiaren 40. edizinoa, harro egoteko moduko bada.
Bai, nik uste badala harro egoteko modukoa, baina askotan barrutik ez dira baloretan horrelako gauzak. Guk oso gustura antolatzen dogu jaialdia urtero, guretzat, egia esan, bardin da 40. edizinoa edo 20.a, guk ilusino beragaz egiten dogu lan. Ez gara konturatzen zenbateko garrantzia daukan 40 urte beteteak. Lau hamarkada emon doguz ikusleei munduko folklorea erakusten, munduko jantzak eta musikea erakusten, hainbat eta hainbat jente ezagutzeko aukerea euki dogu, asko ikasi dogu eta geurea be erakutsi dogu. Izan be, gure helburua ez da bakarrik hango eta besteko taldeak ekartea, geurea zabaltzea eta mundura eroatea be bada. Ez dakit ondo dagoan nik esatea, baina nire eretxiz, ondo egin dogu, kar, kar.
4.- Hasieran eukazuezan helburuak daukazuez gaur egun be, ala urteekaz egokitzen joan dira?
Lehenengotan, akaso, ez geunkan hain argi zein zan gure asmoa, ez egoan hain zehaztuta.
5.- Aurten, Costa Rica, Txina, Ipar Osetia, Polonia, Hegoafrika eta Aragoiko taldeak ekarri dozuez. Leku guztiz desbardinetako jantzariak. Zelan egin dozue aukeraketea? Noiz hasten zarie lanean?
Edizino batetik bestera kontaktuak egoten dira. Folklore jaialdien sare baten sartunda gagoz, eta horrela lortzen dogu dakarguzan taldeekaz birak antolatzea. Bestela oso gatxa izango litzateke, esaterako, Ipar Osetiako talde bat Portugaletera ekartea. Taldeak ikusteko eta aukeratzeko gero eta modu gehiago dagoz, bideoak ikusten doguz, argazkiak, beste jaialdi batzuetako kritikak... eta horregaz danagaz datu basea osotzen dogu. Berrogei urteren ostean datu base potentea daukagu. Ganera, urtero-urtero kontaktuak egiten doguz han eta hemen, herrialde desbardinetan. Berbarako, Hegoafrikako talde bat ekarri gura badogu, han daukagun kontaktuei galdetzen deutsiegu ia zein izan daiteken talde egokiena, musikarik onena daukana eta abar.
6.- Ba ete dago talderen ezin izan dozuena ekarri, ez dozuena lortu?
Zeelanda Barriko talde bat ekarri gura dogu, hori da gure amesa, hor dago. Nahi bai, baina... Gatxa da, oso karua da, eta gaur egun ez da erraza talde bati bira luze bat eskaintzea. Baina, badagoz talde batzuk, ekin eta ekin, ekartea lortu doguzanak. Tongako talde bat baegoan, Hawai irlen inguruan dagoana, eta azkenean lortu genduan, euren atzetik denpora asko ibili ostean. Ezinezkoa ez da ezer, gu ahaleginduko gara behintzat.
7.- Hainbat lekutako jantzak ikusiko dira Portugaleten, zelako jaialdia izango da?
Egia esan talde nahiko tradizionalak dira danak. Ez da erraza gaur egun ikusleei ezustea sorrarazotea, jenteak gero eta gehiago daki fokloreaz, 40 urtean taldeen aurrean egon da, eta gauza asko ikusi eta entzun ditu. Tradizinoaren bila ibilten gara gu, batzutan ez dira ikusgarriak, baina euren jantzak oso ondo landu ditue.
Aurten txinatarrak izan daitekez ezohikoenak ikusleentzat, beste herrialdeetakoak be bereziak dira, baina akaso sarriago ikusi doguz. Txinak beti emoten ditu ezustekoak, eta Japoniak bere bai, gauza desbardin piloa daukie erakusteko. Nire ustez, txinatar folkloreagaz gauza bi jazo daitekez, asko gustetea edo bape ez gustetea, ez dago erdibiderik. Hori nire eretxia da. Hain da bitxia, hain da berezia... edo barruan sartzen zara edo ez dozu ulertzen. Edozelan be, beti daukie harrera benetan ona gure jaialdian.
8.- Portugaleteko emonaldiez aparte, Euskal Herriko hainbat herritara zabalduko dozue jaialdia, Ermua, Getxo, Zornotza, Elgoibar, Renteria, Arrasate, Gorliz, Sopuerta, Donostia...
Hemen dagozanez, jente gehiagorengana heldu daitezen ahalegintzen gara. Ia hasieratik horrela egin dogu, Portugaleten laubost egun egin, eta gero beste herri batzutara eroan. Aurten leku gitxiagotara joango dira, zoritxarrez. Egutegi horretan igarri dogu guk krisialdia. Normalean 20 saiotik gora lortzen izan doguz, eta aurten 14 daukaguz. Hori da daukaguna. hor segidu behar dogula uste dot, etorriko dira sasoi hobeak. Udalei aukerea eskaini behar jakie, beste herri batzuetara zabaltzea oso garrantzitsua da guretzat. Urteotan gorabeherak izan dira, baina aurten igual gatxena da. Herri gitxiagotan bada be jente askorengana ailegauko gara, eta hori da garrantzitsuena.
9.- Honen danaren atzean Portugaleteko Elai Alai jantza talda dago. Jaialdia da zuen jarduera garrantzitsuena?
Elai Alai kultur alkartea 62an sortu zan, eta alkarteak antolatzen dau jaialdia. Hori dau ardurarik garrantzitsuena, baina ez bakarra; jantza taldea daukagu, musika taldea, musika eta jantza eskolea, folk azokea maiatzean eta abar. Eta kanpora be joaten gara. Urtero ezin izaten dogu Euskal Herritik urten baina ahalegintzen gara. Igaz, Galiziako talde bat egon zan jaialdian, eta ostean geu joan ginan bertara. Aurten Aragoikoak etorri dira, eta alkartrukea egingo dogu. Abuztuan Hungarian egingo dogu jantzan, nazinoarteko jaialdi batean.
10.- Gaur egun zenbat jantzari daukaz taldeak? Zelan dago osasunez?
50 jantzari dagoz eta 12 musikari. Egoera onean gagoz, taldea osasuntsu dago. Gurea ez da inguruko egoera orokorraren adierazle, izan be jantzea gaur egun ez da gazteen lehenengo aukerea, ez bigarrena, ez hirugarrena. Lehia gogorra daukagu, orain berrogei urte ez egoan aukera askorik baina gaur egun...
Ez da erraza talde bat mantentzea, eta ez da erraza talde baten mutilak izatea. Gu ezin gara kexau, mutilak baino neskak askoz gehiago daukaguz, baina badaudaguz. 14-18 urte tarte horretan mutilek gurago dabe futbola, saskibaloia edo beste edozein kirol, akaso Messi bat izatea da euren helburua. Jantzea eskolaz kanpoko jarduerea danean, bale, ondo, egiten dabe, baina 100 mutiletik 5 geratzen dira gero. Egoerea ez da bolanderak botateko modukoa.
11.- Zelako eragina dauka mutil gitxi izateak jantzan?
Lehen talde guztietan neskak eta mutilak egozan, orain jantzak egokitu egiten doguz. Ezenatokian zelan egin jantzan, lehen mutilak egiten ebana egokitu egiten dogu. Bizkaiko Jantzari jantzak neskak egiten ikusi dogu. Batzuentzat horrelakoak azkena dira, ezinezkoa, baina egoerea hau da, onartu beharra dago, eta lanari ekin. Bueno, hori da nire eretxi personala. Jantza tradizionalak bizirik segidutea nahi badogu horrela izan beharko da, ez dago besterik. Tradizinoa mantentzeko barriztau egin behar da, bestela ez dago zereginik.
12.- Jantza taldeen dinamikeak diziplinea eskatzen dau, entseguak, emonaldiak... Akaso horren bildur dira gazteak?
Kirol talde baten be diziplinea dago, entrenamenduak, partiduak eta abar. Nik uste dot konpromisoa lortzea dala gaur egun gatxena, jenteak proiektu baten sinistea, barruan egotea, parte izatea eta parte hartzea.
13.- Plazak betetea be ez da gauza erraza askotan, ezta?
Gatxa da jentea ikuskizun batera erakartea, gauza oso oso berezia egin behar da jentea hurreratzeko. Plazak edo frontoiak betetea ez da bape erraza gaur egun.
14.- Musika arloan be sarritan jazoten da, ezin aretoa bete sarrerea merkea eta eskaintzea interesgarria izan arren, ez bada talde oso oso ezaguna edo.
Prezioarena beste kontu bat da, bai. Jente askok dino bost euro ordaintzea karua dala, eta horregaitik ez doazela. Pintxo bat eta garagardoa, gastau dozuz bost euroak. Kulturea ez da baloretan sarritan. Orain arte eskaintza oso oso oso potenteak debalde edo oso merke ikusteko aukerea euki dogu, eta orain gatxa da jenteak hori ekonomikoki baloretea sarrerea ordainduz.
15.- Bueno, Athleticen partiduak ikusteko prest gagoz ordaintzeko, asko ganera.
Bai, sarrerea, hegazkina, hotela... horretarako dirua badago, eta ez da karua. Kontraesana dala begitantzen jat. Kulturea ez da ekonomikoki baloretan. Jantza taldeak hona ekartea, aurrez aurre izatea, eurekaz berba egin ahal izatea; hori ez da kontuan hartzen.
16.- Etorkizuna zelan ikusten dozue, norantz zoazie edo gura zeunkie joan?
Guk proiektua mantendu nahi dogu, orain arte egin dogun moduan; jakina, urtero egin behar dira barrikuntzak eta egokitzapenak, gero eta erakargarriagoa izaten daiten. Helburu eta formatuagaz segiduko dogu, badakigulako egiten, eta ondo egiten dogulako. Gure helburuak beteteko kanpoko taldeak ekarri behar doguz, eta nahiago dogu sei on ekarri, hamabi baino laguntzino handiagoa izan dogulako edo dana dalakoagaitik. Kanpoko jantzak Portugaletera ekarri eta hemendik Euskal Herrira zabaldu, hori da etorkizunean be egin nahi doguna.