Aktore erandiotarraren lagun, senide eta arte eszenikoetako lankideek omenaldia egingo deutse eguaztean arrastian, Bilboko Campos antzokian. Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta ordubete ingurukoa izango da. Publikoari edegita egongo dala jakinarazo dabe, omenaldi xumea izango da, berak nahiko leuken modukoa. Ramon Barea aktoreak gidatuko dau ekitaldia.
Demeka arrastian hil zan aktore bizkaitarra, auto istripuan, Errioxako Fuenmayor herrian, Zaragozara joiala Bendita Calamidad pelikulearen filmazinora. Alex Angulo Erandion jaio zan, 1953ean. 1981ean egin eban lehenengo pelikulea, Imanol Uriberen La fuga de Segovia. Makinatxu bat filmetan parte hartu eban, tartean, El rey pasmado (1991), Acción mutante (1992), El día de la bestia (1995), El oro de Moscú (2003) eta El laberinto del fauno (2006) lanetan. Telebisinoan be jardun eban, Periodistas, Bertan Zoro eta Detrás del Sirimiri-n, berbarako. 2010ean, Donostiako Zinemaldiko 58. edizinoan Zinemira saria jaso eban.