'Humboldt: Selected Basque Writings' lana argitaratu dabe Bizkaiko Foru Aldundiak eta Renoko Euskal Ikasketen Zentroak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko uzt. 24a, 00:00

Iñaki Zabaleta Gorrotxategik atondu dau Wilhelm von Humboldten testuen antologia, Basque Classics Series bildumako bederatzigarrena. Renoko Euskal Ikasketen Zentroak euskal kulturea AEBetan hedatzeko eta sustatzeko bultzatzen dauen programearen barruan dago saila.

Bilbon egin dabe liburu barriaren aurkezpena. Ekitaldian Kulturako foru diputadu Miren Josune Ariztondo, Renoko Euskal Ikasketen Zentroko Josena Zulaika eta Basque Studies bildumaren editore Pello Salaburu izan ziran.

Wilhelm von Humboldt (1767-1835) Alexander Humboldt geografoaren anaia zaharrena, Berlingo unibersidadearen sortzailea izan zan. Hizkuntza asko ekizan, eta eragin handia izan zuen gizartean. Zuzenbide ikasketak egin ostean, filosofia, artea, historia eta hizkuntza zaharrez arduratu zean. Parisen bizi izan zan, eta 1799an eta 1801ean etorri zan Euskal Herrira, diplomazia lanak egiten hasi aurretik. Ondoko urteak Erroman emon zituan. Berlinen, Prusiako hezkuntza ministro zala, hezkuntza osoa barriztau eban, eta unibersidadea sortu: ikasketa planak aldatu, irakasle eta ikasleen arteko harremanak estutzeko programak indartu, eta abar. Hezkuntzearen irudi elitistegia eukala leporatu jako batzuetan.

Parisetik Euskal Herrira egindako bidaiei esker ezagutu eban euskarea hurretik, eta lan batzuk egin zituan gaiari buruz. Lan horretako batzuk lehenengoz emoten dira liburu honetan, alemanez egindako jatorrizko argitalpenetik itzuli ostean. Itzulpen horreen eta edizinoaren arduraduna Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko irakaslea izan da. Lan bi dagoz hemen: Euskaldunak, edo 1801eko udabarrian Bizkaitik Frantziako Euskal Herriraino egindako bidaian batutako oharrak, eta Euskal hizkuntza eta nazinoaren argitalpenaren iragarpena (1812). Euskal Herria nazino moduan aztertu eban, etnografiaren ganeko oharrak egin zituan, eta euskerea bera be ikertu eban.

Bere oharretan esaten ebanez, (euskerea) hizkuntza berezia da, berbetan, morfologian eta ahoskeran. Kanpokoentzat ulertezina da, eta hau horrela jazoten da hitzik txikienetan, eta toki izenetan be, gehienak euskeratik hartuak dira eta. Berezitasun hori bardin agiri da, neurri batean sikeran, hitzen erro zaharretan be, atzerritarrentzat sano bitxiak dira eta, arrotzak bere bai. Humboldtek talde etniko baten propiedade natural lez ikusten eban euskerea: herri berezi baten ezaugarri nagusia. Haren eretxiz, hizkuntzak definitzen dau herri baten izaerea, eta Euskal Herriari jagokonez, batasun mueta bat ikusten eban, euskerearen inguruan, Espainiako eta Frantziako muga politikoen ganetik.

Basque Classics Series bildumearen helburua euskal kulturearen klasikoak ingelesez emotea da. Bill Douglass, Gregorio Monreal eta Pello Salaburu dira editoreak. Urteotan bederatzi liburu kaleratu dira: Bizkaiko Foru Zaharra, Euskerearen aldeko eta akontrako idazkien bilduma historikoa, Barandiaranen antologia, Mitxelenaren antologia, Caro Barojaren Los vascos, Veyrinen Les Basques, Caro Barojaren antologia, Etxepareren "inguae Vasconum Primitiae eta Hunboldten antologia.

Beharrok munduko 600 liburutegi garrantzitsuenetara bialdu dira. Bildumea Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoari esker argitaratzen da, lau hitzarmen sinatu dira horretarako Renoko Adiskideen Alkarteagaz, 2003, 2008, 2012 eta 2014an. Aurtengo akordioari dala eta, Antonio Tovar eta Jacques Allieresen liburuak argitaratuko dira.

Osorik irakurri