Euskal Herriko Unibersidadeak kaleratu barri dau Marban argitaletxearen Máster Atlas de Anatomía lanaren euskerazko itzulpena. Atlasak giza anatomiaren euskerazko terminologia osoa batzen dau. Erreferentziazko lana da bere arloan.
Liburua Anatomiaren ikaskuntzan baliagarria da, eta, Medikuntzan ez ezik, zuzenean edo zeharka Osasun Zientziekaz zerikusia daben beste hainbat arlotan bere bai, berbarako Erizaintzan, Fisioterapian, Odontologian, Biologian, Farmazian, Gorputz Hezkuntzan, Psikologian, Hezkuntza Terapian, Jantzan eta Artean.
725 orrialde eta 14 atal ditu, giza aparatuen eta sistemen arabera antolatuta, anatomia deskriptiboa eta anatomia topografikoa eta sekzionala buztartuz. Lehenengo kapituluan, giza gorputza bere osotasunean azaltzen da, eta besteetan, atalka: larruazala, lokomozino aparatua (muskuluak, eskeletoa eta giltzadurak), bihotz odoletako aparatua, digestino aparatua, arnas aparatua, gernu eta ugal aparatuak, immunidade sistemea eta sistema endokrinoa, nerbio sistemea eta zentzumen organoak.
Mila iruditik gora ditu atlasak, tartean teknikearen bidez lortutako argazkiak, besteak beste, erradiografiak, erresonantzia magnetikoak eta ekografiak. Liburua osotzeko, glosario erabilgarri bat erantsi da amaieran, izendapen guztiak lau hizkuntzatan dituana: euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta latinez (nazinoarteko Nomina Anatomicaren arabera).
Hamaika lagunek osotutako taldeak euskeratu dau atlasa, itzultzaile profesionalek, Neurozientziak saileko irakasleek eta Euskera Zerbitzuko kideek.