Mongoliako estepeak gauza erakargarria besteko bildurgarria dauka: isiltasuna. Bedar ganean jesarri eta entzuten dan gauza bakarra haizea da.
Gooooooooool!
Ustebako txilioak aho zabalik ixten gaitu. Hainbat kilometroan dagoan ger -Mongoliako yurta tradizionala- bakarretik datoz deadarrak. Tangada zuri bat da ozeano berdean, Choijamesen familiaren etxe mobikorra. Miloe eta erdi mongoliarrek lez, gizon honek sustrai barik bizitea erabagi dau, urtaro bakotxean bere ardientzako larra onenak topauz. Natureagaz guztiz bat egiten dabe, baina garapen ekonomikoak ia desagerrarazo dauen bizimodua da.
Baina ez Choijamesek ez bere emazteak, hainbat urtean Europan beharrean egon zanak, ez dabe gura tradizinoa gordetearen truke mundutik guztiz dekonektau. Badakie nomadismoak aurrera egingo badau belaualdi gazteentzat erakargarria izan beharko dala, horregaitik teknologi barrietara jo dabe euren seme-alabek globalizazinoak eskaintzen dituan abantailen faltarik ez igarteko. Tartean dagoz Brasileko Futbol Mundu Txapelketako partiduak. Telebista-antena parabolikoa eta telebisinoa bera, gerreko gailu elektriko guztiak lez, eguzki-panelek sortutako elektrizidadeagaz funzionetan dabe. Beste eguzki-panel bat be badaukie, dutxako ura berotzeko.
Gerraren barruan tenperaturea egokia da. Etxe nomada tradizionala alfonbraz eta oihalez forrauta dago, eta erdian berogailua dauka. Kanpotik emoten dauena baino handiagoa da, ganera. Herri nomada honek daukan arazo handietakoa dan pribadutasun eza konpontzeko, gerraren barrualdea zatitu egin dabe. Kanpoko mundua ez da gurea baino hobea. Garapenaren elementu positiboak hartzen jakin dogu eta gure bizimodura egokitzen. Gerra aldean daukagula hilko gara, nahiz eta hurrengo belaunaldiak seguruenik gurago izango daben ladriluzko etxeetan bizitea, azaltzen dau andreak, Oyunbileg-ek.
Uriburuan, Ulan Batorren, agirian dago aldaketea badatorrela. Milaka ger ikusten dira kanpoaldeko auzoetan pilatuta. Han bizi dira nomada izan gura ez daben nomadak. Eurentzako guztiz barria dana ipinten dabe etxe inguruan, zarratua. Asfaltozko urian bizimodu arrakastatsua eukiko dabelakoan datoz, meatzaritzearen gorakadea dala eta beharra topetako. Baina, hemen topetan daben gauza bakarra miseria eta ernegazinoa besterik ez da. Askatasuna galtzen dabe, eta gogoa, botilan geratzen dan vodka kopuruaren alderantziz proportzionala dana.
Bitxia bada be, ger honeetako askok ez daukie Choijamesen familiak estepan daukan erosotasunik. 2006an ezagutu neban familia. Orduan Nitchko sei urteko neskatilea zan. Orain Ulan Batorren ikasten dau, gurasoek badakielako hekuntzea ezin dala ukatu, eta horretarako modu bakarra uriburura joatea dala. Urian lagun handiak egin ditu, baina udako oporrek poztasun handia emoten deutsie, estepara etxekoekaz bueltan egoteko amesetan dago. Lagunekaz whatsapp bidez berba egiten segiduko dot, dino. Bere lagun on bik gurasoei baimena eskatu deutsie beragaz batera gerrera joan eta Munduko Txapelketea ikusteko. Akaso leku batetik bestera bizitera joatea gustauko jaie, dino barrezka.