Norman Fosterrek I. Bilbao Bizkaia Architecture saria jasoko dau irailaren 26an

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abu. 5a, 00:00

Arkitekturea eta uri birsorkuntzaren bitartez, Bizkaiko gizartea garatzen lagundu dabenen lana nabarmentzea da Euskal Herriko Arkitektoen Alkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzeak sortutako BIA-Bilbao Bizkaia Architecture sariaren helburu nagusia. Lehenengo edizino honetan Norman Foster arkitekto ingelesa sarituko dabe. Sari-emote ekitaldia Guggenheim Museoan izango da, irailaren 26an.

Bizkaiko lurralde historikoan arkitekturea eta urigintzea suspertzea da ekimenaren helburua, lanbidearen erronkei nazinoartekotzea, trukea eta herritarren partaidetzea lako kontzeptuetatik erantzutearen aldeko apustua eginez, EHAEOko iturriek adierazo dabenez. BIA ekimena martian ipini eben martxan, eta urte birik behin emongo dabe saria.

BIA gogoetarako topagune izatea gura dabe, eta bestelako jarduerak be proponiduko ditue. BIA Sariaren lehenengo edizinoan, Urban Regeneration Forum biltzarra egingo dabe, Bilbon bertan. 300 aditu inguru batuko ditue.

Norman Foster (Manchester, 1935) arkitekto garaikiderik ospetsuenetakoa da. Sari garrantzitsu ugari irabazi ditu, tartean,1990eko Mies van der Rohe Arkitektura Garaikideko Saria, American Institute of Architects (AIA) dalakoaren 1994ko urrezko dominea, 1999ko Pritzker Saria eta 2009ko Arteen Asturiasko Printzea Saria.

Team 4 arkitektura estudioa sortu eban 1964an. Handik hiru urtera, Foster Associates eratu zan, eta Richard Buckminster Fuller arkitektoagaz lanean hasi zan. Arkitektura estudioa gaur egun Foster + Partners deitzen da.

Hasierako proiektuetan high-tech estilo nabarmena zan nagusi, baina denporeagaz, eraikinetako lerroak leunduz joan ziran. Bere lanak zigilu industrial garbia dau. Askotan, osogaiak eraikin baterako beren beregi diseinetan ditu.

Bilboko geltokien diseinu egiteagaitik da gurean ezagun batez be. Behar ezagunak ditu munduan zehar: Madrilgo Bankia Torrea; Londresko Britainiar Museoaren eta Wembley Estadioaren barriztatzeak, Standsted aireportuko terminal barria, Milurtekoaren Zubia; Berlingo Reichstagen eraikinaren barritzea eta Frankfurteko Commerzbank Torrea; AEBetan, New Yorkeko Hearst Torrea, Omahako Joslyn Museoaren handitzea eta Bostoneko Arte Plastikoen Museoa; Hong Kongeko Hongkong Bank eraikina eta Pekineko aireportua.

Osorik irakurri